Herri galdeketa sagardoetxea
Herri galdeketa: erabaki Sagardoetxearen etorkizuna
Astigarragako Udalak herri galdeketa antolatu du Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko. Otsailaren 6an egingo da (aurrez ere eman daiteke botoa).
Ondoren duzu hainbat eragilek egindako hausnarketa, mahai gainean jarri dugun galdera, baiezkoak eta ezezkoak zer esan nahi duten eta galdeketaren inguruko informazio praktikoa.
Hausnarketa
Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko herriari egiten zaion proposamen hau arrazoitua izan da. Hausnarketa Taldeak lau hilabeteko lan-prozesu batetik eratorritako ondorioak jasotzen ditu.
HAUSNARKETA-TALDEA : Astigar Elkartea, Astigarragako Udala, Astiko Elkartea, Baratz Elkartea, Bereziartua Sagardotegia, Gartziategi Sagardotegia, Goldea Elkartea, Herritar batzuk, Sagardun Partzuergoa, Zapiain Sagardotegia, Zipotza Elkartea, EAJ/PNV alderdia, EH Bildu, Astigarragako Emakumeon Etxea, Astigarragako Gazte Asanblada TALDE ERAGILEA: Astigarragako Udala, Sagardun Partzuergoa, Elhuyar Aholkularitza.
Hausnarketa-taldearen ondorioak
1. Sagardoetxea herriaren dinamikan errotua egotea, Astigarragaren identitatearekin bat eginez.
2. Sagarraren kultura sustatzeko askotariko ekarpen eta ekimenen bilgunea eta lankidetzarako eremua izatea.
3. Gaur egun Sagardoetxeak biltegian dituen pieza-etnografikoak erakusteko eta tresnak berritzeko lekua izatea: Erbitegi Etxeberri baserriko dolarea, kupelak egiteko Gartziategiko tresnak, matxakak, etab.
4. Dokumentazio Zentroari eskainitako gune bat egotea.
5. Gaur egungo sagastian aterpe bat eta azalpen didaktikoak jartzea.
6. Sagarraren eratorriekin produktuak egiteko gune bat izatea.
Ikus hausnarketa prozesuaren inguruko dokumentuak hemen.
Galdera
Hausnarketa horretatik abiatuta, Astigarragako Udalak herri galdeketa egitea erabaki du, Sagardoetxearen etorkizuneko norabidea erabakitzeko. Galdeketan galdera hau egingo dugu:
Ados zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?
Ondoren dituzu baiezkoaren edota ezezkoaren inguruko arrazoiak.
Bai
Hona hemen BAI botoak zer esan nahi duen:
1. Sagardoetxearen proiektu berriak Astigarraga sagardogintzaren eta sagarraren kulturaren erdigunean jarriko du eta herri- eta eskualde-izaera eta -proiekzioa gaindituko ditu.
2. Bertako ekonomia, merkataritza eta turismoa sustatuko ditu, eta askotariko bisitariak erakarriko ditu (bertako nahiz atzerriko bisitariak, ikastetxeak…).
3. Sagardoetxearen proiektua landuko da sagardogile eta sagarraren sektorearekin, beste administrazio publikoekin, herritarrekin eta eragileekin.
4. Egoitza berria Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko da. Egoitza hori lurpean egingo da hein handi batean eta, beraz, lorategiak herritarrentzako berdegune eta aisialdirako eremu izaten jarraituko du. Sagardoetxe berriak ez du Kultur Etxe Zaharraren eraikina erabiliko.
5. Sagardoetxe berriaren finantzaketan Astigarragako Udalak eta beste administrazioek parte hartuko dute. Sagardoetxe berriaren proiektuak ez ditu inola ere baldintzatuko eta ezerezean utziko bestelako udal inbertsio eta -zerbitzuak.
6. Sagardoetxe berriaren proiektua estrategikoa da Astigarragarentzat. Sagardoetxeak, sagardoaren kultura sustatuz eta hedatuz, gure ondarea balioan jarriko du.
Ez
Hona hemen EZ botoak zer esan nahi duen:
1. Sagardoetxeak orain bezala, herrieta eskualde-proiekzioa izango du eta sagardoaren kultura sustatzen lanean jarraituko du.
2. Proiektu berriak ekar ditzakeen bisitari-kopuruak herrian eragin negatibo batzuk izango ditu, turismoak berekin dakartzanak.
3.Oraingo egiturarekin jarraituko du lanean, herriko eragile, sagardogile eta Udalarekin lankidetzan.
4. Sagardoetxeak Kultur Etxe Zaharrean okupatzen duen espazioa nahikoa du. Dastaleku eta dendaren kaseta bertan mantenduko da. Beharren arabera, gerta liteke Kultur Etxe Zaharreko espazioren bat Sagardoetxerako erabiltzea. Berdegunea eta lorategia bere horretan geratuko dira.
5. Finantziazioaren aldetik, orain bezalatsu jarraituko du, aparteko ahalegin ekonomikorik egin gabe. Ez da aparteko inbertsioak egiteko unea, ordainketa Udalak edo beste administrazio publiko batek eginda ere.
6. Sagardoetxe berriaren proiektua ez da estrategikoa Astigarragarentzat eta herriak baditu beste lehentasun batzuk.
Galdeketa: noiz eta non
Galdeketa izango da otsailaren 6an, 9:00etatik 20:00etara, Erribera kulturgunean.
Horrez gain, aurrez botoa emateko aukera duzu:
Urtarrilaren 19tik otsailaren 1era, Udaletxean, ordutegi honetan:
- Astelehen, asteazken eta ostiraletan: 9:00etatik 13:30era
- Astearte eta ostegunetan: 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
Galdeketan parte hartu eta botoa emateko bi baldintza hauek bete behar dira: deialdia egindako unean Astigarragan erroldatuta egotea eta botoa emateko unean 16 urte edo gehiago izatea.
Parte hartu!
Info +
Atal honetan galdeketari buruzko informazo osagarria duzu eskura.
Eskuorria
Herri galdeketaren informazioa laburbiltzen duen pdfa deskarga dezakezu hemen.
Mahaiak eta mahaietan parte hartzeko aukera
Herri galdeketarako bost mahai eratuko dira. Mahai bakoitzak presidentea eta bi bokal izango ditu (hauteskundeetan bezala). Mahaietan parte hartzea hautazkoa da eta parte hartu ahal izango dute zinegotziek eta herritarrek. Parte hartzeko behean eskura dagoen eskabidea bete eta Udaletxean aurkeztu behar da (epea amaituko da urtarrilaren 25ean).
Herri galdeketa: mahaian parte hartzeko eskabidea
Gidaliburua
Herri galdeketaren prozedura eta xehetasun guztiak finkatzen dituen Gidaliburua prestatu eta onartu du Udalak. Ondoren duzu eskura.
Parte hartu!