Nola iritsi
Nola iritsi
Astigarragako udalerria Gipuzkoako ipar-ekialdean dago kokatuta, Urumea ibaiaren ezkerraldean, kostaldetik 5 km-tara. 11,46 km2-ko azalera eta 17,159 km-tako perimetroa ditu. Iparraldean Donostia eta Errenteriako udalerriak ditu mugakide, hegoaldean, Hernani eta Donostia (Landarbasoa), ekialdean, Errenteria eta mendebaldean, berriz, Donostia eta Hernani. Kota altuena udalaren iparraldean dago, Txoritokietan, itsasoaren gainetik 317 m-tara.
Udalerriaren iparraldean kokatua dagoen Santiagomendi mendiak ere kota altua du, 299 m. Kota baxuena, berriz, udalerriaren mendebaldean dago, erriberan, 4 m-tara. 2-3 kilometrotako desnibel horrek eta beste zenbait alderdi fisiko eta geologikok, aldapez osatutako erliebea osatzen dute. Udalerri hau erreka askok zeharkatzen dute, hala nola, Urumea ibai-adarrak diren Zakurmendegiko erreka, Oianume erreka, Epele erreka, eta Pasaiako ibaira urak biltzen dituen Putzueta erreka. Udalerri honen paisaia, gizakia ingurunean sortzen ari den aldaketen erakusgarri argia da. Alde batetik, Urumeak itxuratzen eta zedarritzen duen erribera dago, baratzez, negutegiz eta industriaz josia. Bestetik, nekazaritza jarduerak irauten du, non baserriak, belarzelaiak, sagastiak, hostozabal-zuhaiztiak eta landare-mota exotikoen birlandapenak gailentzen diren.
Populazioa Galtzaur, Portutxo, Errekalde, Ergobia, Gurutzeta, Benta eta Santiagomendi auzoetan banatzen da. Gehienak industria alorrean ari dira lanean batik bat, udalerrian bertan dauden zenbait poligonotan, hala nola, Ubarburun, Zamokan eta Bidebitarten, edo eta inguruko herrietan.
Zerbitzu-alorrean ere badihardute. Nekazaritza eta abeltzantza jarduerak badirau, nahiz eta familiako ustiapena ez izan. Bestalde, gero eta gehiago nagusitzen ari da sagardogintza, horretarako birlandapen ugari egin direlarik.
Errepidez hiri nagusietara distantzia kilometrikoak
Donostia | 6 km |
---|---|
Gasteiz | 115 km |
Bilbo | 112 km |
Iruña | 80 km |
Madril | 464 km |
Bartzelona | 539 km |