Kontxa Etxeberria Miranda
KONTXA ETXEBERRIA MIRANDA
Erretratua: Mari Sol Erice
Astigarraga 1855- Astigarraga 1940
María Concepción Celestina Echeverria Miranda, "Doña Kontxa" izenaz ezagutzen den andrea, 1855eko maiatzaren 19an jaio zen Astigarragan.
"Doña Kontxa" bere garairako emakume aurreratua izan zela esan dezakegu.
Gaur egungo Kultur Etxea dena hark eraikitzeko agindu zuen. 1930. urtean jarri zuen abian, baina 1904. urtean hasi zen ematen lehen pausoak bere "Asilo de Huérfanos de Jesús Nazareno y Cristo Rey" fundazioa gauzatzeko. Lursailak erosi eta, bertan, hiru solairuko etxea eraiki zen. Azkenik, Fundazio bat sortu zuen, berak hasitako jarduera sozialari denboran zehar jarraipena emateko.
"Doña Kontxak" ume behartsuekiko, bereziki Astigarragako umezurtzekiko, sentsibilitate handiko emakumea izan zen, eta beraientzat preseski eraiki zuen "Egoitza Eskola". Nahi hori gauzatzeko, "Asilo-escuela de Húerfanos Jésus Nazareno y Cristo Rey" fundazioa sortzeari ekin zion.
Egoitza-eskolak hiru eginkizun nagusi zituen: ume behartsuen heziketa, elikadura eta zainketa materiala.
Gaztetatik, Astigarragatik kanpora atera behar izan zuen neskame lan egitera, bere familiak estutasun ekonomikoak baitzituen. Familia dirudun baten etxean lanean jarri eta, dirudienez, han ezagutu zuen senarra. Ezkontzarekin "señora" dotore eta dirudun bihurtu zen. Alargundu ondoren, Astigarragarra itzultzea erabaki zuen -ez baitzituen erroak eta jatorria ahaztu-, baserritarren seme-alabei etorkizun hobea emateko, "Egoitza-eskolaren" bitartez.
1930. urtean Primo de Riveraren diktadura indarrean zegoen, eta "Doña Kontxak" bere esku zituen neurri guztiak abiarazi zituen bere ondasunak Espainiako Estatuaren eskuetan ez bukatzeko.
2015eko maiatzaren 19an, Astigarragako Udalak astigartar kuttuna izendatu zuen. Ohorezko izendapena beharrezkotzat jo zen, ondorengo arrazoiengatik:
- Astigartar haren jarduera sozialak gaur egun bizirik jarraitzen du, Kultur Etxearen bitartez.
- Astigarragako bizilagunentzako gizarte proiektu bat gauzatu zuen, bere ondasun guztiak jaioterrian utzi eta gizarte lana aurrera eramateko.
- Diktadura politikoko egoera batean bere Fundazioak eta proiektuak denboran zehar irauteko neurriak hartu zituen.