Ba al zenekien

Ba al zenekien? ...

… 338 kilogramo hondakin bildu zirela biztanleko 2021. urtean Astigarragako hiri eremuan?

Horietatik ia %32,6a errefusa izan zen. Beraz, hondakinen %67,4 ingurukoa izan zen gaikako bilketa tasa 2021. urtean (industria hondakinak kontuan izan gabe).

https://www.astigarraga.eus/eu/hondakinak-datuak

…zabor poltsaren ia erdia biohondakina dela?

Gure zabor-poltsaren pisuaren ia erdia biohondakina da ( % 45), ondoren ontzi arinak ( % 14), beira ( % 13) eta papera eta kartoia ( % 12). Errefusak gure zabor-poltsaren % 16 baino ez du hartzen.

Beraz, biohondakina bereiztea ezinbestekoa da Europak zehaztutako birziklatze mailetara iristeko.

…254 familiek hartu zutela parte konpostean Astigarragan 2021. urtean?

2021. urtean 285 biztanle ingururen biohondakina konpostatu zen Astigarragan zehar kokatuak dauden 5 auzo-konpostagailuetan eta beste 324 pertsona ingururen hondakin organikoa konpostatu zen etxe-konpostaren bidez. Beraz, auzo-konpostagailuetan egunero 63 kg inguru biohondakin konpostatu ziren 2021.urtean (23 tona urtean) eta beste 71 kg egunean (urtean 26 tona) etxe-konpostaren bidez.

Modu honetara, ia 50 tona biohondakin erraustegira eramatea saihestu zen.

…konposta egitea dela biohondakina kudeatzeko modurik jasangarriena?

  • Garraio eta tratamenduari lotutako kostu energetikorik ez dagoenez, ingurumena gehiago zaintzen da eta ondorioz, atmosferara isuritako CO2 kantitateak murriztea lortzen da, besteak-beste.
  • Hondakinen kudeaketako kostu ekonomikoak aurrezten dira, biohondakinen bilketa, garraio eta tratamendu kostuak murrizten direlako.
  • Sozialki herritarren inplikazio zuzena eta sentsibilizazioa lantzen da.
  • Parte-hartzaileen artean banatu eta herrian bertan erabiliko den kalitatezko ongarri organiko bat lortzen da, konposta.

Informa zaitez.

… 40 kilo elikagai botatzen dituela zaborretara pertsona bakar batek urtean?

Mundu osoan, NBEren arabera, 1.300 milioi tona elikagai (munduko ekoizpenaren herena) zaborretan amaitzen dute platerera iritsi baino lehen. Bitartean, gizateriaren % 10,5ek desnutrizioan bizi da, eta elikagaien industriatik eratorritako berotegi efektuko gasek krisi klimatikoan zuzenean eragiten duten isurketen % 25-30 dira. Gainera, 250.000 milioi m3 ur xahutzen dira gain-produkzio honengatik urtean.

Euskadi mailan, 311.558 tona xahutzen direla kalkulatzen da urteko eta 40 kilo pertsonako eta urteko. Elikagai horietatik guztietarik %28 gutxienez, elikagaien parte jangarriak ziren.

Elikagai xahuketa.

…ontzi arinak degradatzeko 100 eta 1000 urte behar direla eta, gainera, ez direla desagertzen?

PET plastikozko botila batek 1000 urte behar ditu degradatzeko eta plastikozko poltsa batek berriz, 150 urte inguru. Plastiko motaren arabera, bataz bestez 500 urte behar izaten dira.

…ipar ozeano bareko zabor-uharteak Frantzia, Espainia eta Alemaniako estatuek haina okupatzen duela?

1,6 miloi km2 azalera du eta 80.000 tonako pisua hartzen du. Zabor masa ikaragarri hau plastikoz eta mikroplastikoz osatua dago, batik-bat.

Eta nahiz eta handiena izan, ez da bakarra, 4 gehiago identifikatu baitira: Indiako ozeanokoa (700 futbol zelai bezalakoa), Ipar Atlantikokoa (zehaztu gabea), Hego Atlantikokoa (98 futbol zelai bezalakoa) eta Hego ozeano barekoa (364 futbol zelai bezalakoa).

Plastiko hauek eguzkiaren izpien bitartez deskonposatzen doazen heinean berotegi efektuko gasak isurtzen ditu. Gainera, Greenpeace erakundeak dio bistan dagoen hondakin plastikoa %15a besterik ez dela, hau da, gainerako %85a ur azpian dagoela. Uraren Ikerketarako Kataluniako Institutuak baieztatzen du 2050 urterako arraiak baino plastiko gehiago egongo daitekeela gure ozeanoetan.

…tona bat paper birziklatu ekoiztean 17 zuhaitz helduren bizitza salbatzen direla?

Papera birziklatzeak eta paper birziklatutik paper berria ekoizteak abantaila asko ditu: paper berria sortzeko %60 energia gutxiago behar da eta atmosferara isurtzen diren gasak ere zeharo murrizten dira (%74 gutxiago).

Birziklatutako paper tona bati esker 30.000 litro ur, 150 litro erregai fosil eta 1.500 litro olio aurrezten ditugu.

…beira ez dela kristala?

Begi hutsez ezin ditugu beira eta kristala desberdindu baina bi material zeharo ezberdin dira. Beira %100ean birziklatu daitekeen elementua da eta behar adina alditan gainera, ezaugarriak aldatu edo galdu gabe. Kristalak ordea, ez dauka ezaugarri hau eta horregatik ezin ditugu batera birziklatu. Kristalak dituen berun oxidoak urtzeko beirak baino tenperatura askoz altuagoak behar duenez ezin dira bi material hauek labe berean urtu.

https://www.youtube.com/watch?v=0FPLncjeSk8

…1L olio arraskatik botatzean 1000L ur kutsatzen ditugula?

Olioa ez badugu modu egoki batean birziklatzen ingurumenean eta azpiegituretan modu kaltegarri batean eragiten dugu.

Ingurumenari dagokionez, gas-truke naturala aldatzen du, eta edozein ur ekosistemak desorekatzen ditu. Olioa degradatzen doan heinean, beste izaki bizidunentzat eskuragarri egon behar lukeen oxigenoa kontsumitzen du.

Azpiegiturei dagokienez, olioak hodiak buxatzen ditu, karraskarientzako elikagaia da eta usain txarrak eragiten ditu. Ur araztegietan bestetik, olioak beste konposatu biologikoak degradatzeko behar den oxigenoa gutxitzen du eta gainera, urak behar den bezala oxigenatzea eragozten duen olio kapa fin bat osatzen du. Ondorioz, aratzegietako tratamenduen koste ekonomiko eta energetikoa handitzen da.

http://eko3r.com/etxeko-olio-birziklapena/

…pilen osagaiak 500 eta 1000 urte inguru behar dituztela desegiteko eta oso kutsakorrak direla?

Pilen osagairik kutsakorrena merkurioa da, urarekin kontaktuan jartzean metil-merkurioa osatzen duelako, konposatu bat. Konposatu hau elikagaien katean sartzen da eta izaki bizidunen nerbio sisteman desoreka larriak sortzen ditu.

Datu bezala: merkuriozko pila batek 600.000 litro ur kutsatu ditzake, zink-airezko pilak 12.000 litro, zilar oxidozkoak 14.000 litro eta pila arrunt batek 3000 litro.

…zein ondorio dituen ez birziklatzeak?

Energia gehiago kontsumitzen da oinarrizko lehengaiak lortu, garraiatu eta ekoiztu behar direlako. Hau, da, ingurumena kaltetzen dugu lehengaiak xahutzen ditugulako eta berotegi efektuko gasak zein lixibiatuak isurtzen direlako (airearen, uraren zein lurraren kalitatea eta osasuna nabarmen kaltetuz).

Gainera, azpimarratu behar da hondakinen birziklapen prozesuek pertsonak behar dituela hondakin hauek birziklatzeko, eta ondorioz, hondakinak birziklatzen baditugu lanpostu gehiago sortzen dira.