Historia
Historia
Astigarragako herria (astigarrak dauden tokia, "astigar" euskal hitzetik hartzen du izena) Gipuzkoako Lurralde Historikoaren iparraldean dago kokaturik, mendixka baten gainean, Urumea ibaiaren ezkerraldean, Txoritokieta eta Santiagomendi mendien itzalpean. Gaur egun 11,46 km2.ko azalera du, eta iparraldetik, hegoaldetik eta mendebaldetik Donostiarekin mugatzen da, ekialdetik Errenteriarekin eta, halaber, hegoaldean Hernani du mugakide. Egundaino, gaur egun Santiagomendi auzoa denak, mendi-hegaletik gailurreraino, osatzen zuen Astigarragako lurraldea. Beraz, gaztelu-etxe izan zen Murgia jauregiaren jabetzen ondoan zegoen gunea zen hori. Alabaina, ez zegoen Santiago horren menpean, nahiz eta garai batean biek auzalurralde bakarra osatzen zutela pentsatu.
Tradizioak hala aginduta, Santiago baseliza, izen bereko mendiaren gainean dagoena, herriko parrokia zaharra izan zenaren ustea dago. Murgiako Andra Maria eliza gero eraiki zen, XIII. mendea baino lehen, hain zuzen. Hala ere, ez dago hasieran esandakoa frogatzen duen dokumenturik.
Ondare benetan aberatsa zuten Murgiako jaunek, hala nola, lur-sail handiak, Ergobiako ibaia igarotzeagatik sari bat jasotzeko eskubidea (zubia igarotzen zuten guztiek sari bat ordaindu behar zuten), estankeak Urumea ibaian eta Murgiako Andra Mariaren elizako patronatuaren jabetza. Gipuzkoako Anaiarteen aurkako borrokan Ahaide Nagusiekin bat egin zuten, eta, azpiratuak izan zirenez, haien etxea erraustua izan zen zigor gisa, Gaztelako Enrique IV.aren aginduz, 1457. urtean. Adituen iritziz, XV. mendean (1420. urtean) edo XIV.ean (1332. urtean) Astigarragako biztanleek Elkargo-agiri bat izenpetu zuten Murgiako jaunekin, Navarra Martinez Oinazkoarekin eta haren seme Pedro Martínez Oinazkoarekin, alegia, eta elkargo-agiri horren bitartez hainbat zerbitzu eta zerga ordaintzeko konpromisoa hartu zuten. Hona hemen konpromiso horien berri: Murgiako jaunei urtero 500 marauri ordaintzea, etxe bakoitzeko bi emakume hartuta jorra-lanak egitea eta artatxikia zuritzera joatea, beste bi emakume gehiagorekin gari-lanak egitera joatea, eta, azkenik, bi idi uztea jauntxoen lurrak erein eta lantzeko. Murgiatarren mendietan larratzen zen zerri-talde bakoitzeko zerri bat eman behar zieten jaunei, ostera, haien abereak ezin zuten Astigarragako auzoko mendietan bazkatu.
Horretaz gain, auzoen artean auziren bat zegoenean, jauntxoek artekari lanak egiten zituzten bi aldeak adiskidetzeko; hori ezinezkoa zenean, ordea, Aiztondoko alkatearen eskuetan uzten zen erabakia.
Horren truke, Murgiako jaunek liberalizatu egiten zituzten herritarrek Ergobiako portuan zehar eta haien jurisdikzioko bideetan barrena garraiatzen zituzten merkatalgaiak; halaber, defendatu eta babestu egiten zituzten edozein egoeratan. Azkenik, epaimahikideak eta jaurleak izendatzeko eskubidea zuten feudupekoek, baina ezin zuten inolaz ere traturik egin beste jaunen batekin.
Konpromiso-agiri feudal horrek feudu-harremanen eta Aiztondoko Alkatetza Nagusiaren arteko lotura bitxiaren berri ematen digu. Astigarragako biztanleak Aiztondoko Alkatetzara atxekiturik zeuden, Asteasuko, Larraulgo, Sorabillako eta Urnietako biztanleak bezala (egiaztatu ahal denez, 1397. urteaz geroztik sortu zen alkatetza hori, Gipuzkoako hiru entitate handienetariko bat zelarik).
Alkatetzaren buru zen Asteasurekin izandako makurraldiak zirela eta, astigarragatarrek Murgiako jaunen babesa eskatu zuten eta aipatutako baldintza zorrotz horiek onartu zituzten.
Alkatetzak ez zuen jurisdikziorik murgiatarren lurretan, horiek errejidorearen eta probintziako anaiartearen menpean baitzeuden zuzenean. Hori horrela, jakintzat eman daiteke astigarragatarrak bere kabuz sartu zirela Alkatetza Nagusian jauntxoen botereari ihes egiteko asmoz; haatik, ikusi dugunez, geroago murgiatarren babesa eskatu zuten berriro, oreka bila zebiltzala. 1576. urtean Felipe Murgiakoak Aiztondora bildu nahi izan zuen bere baserria, baina ez zuen lortu. XVII. mendean, Aiztondoko Alkatetza Nagusitik banatu egin ziren, Urnieta, 1615. urtean, eta Astigarraga, 1660. urteko urtarrilaren 26an. Banaketa ez zen batere erraza izan, eta Gorteak bere buruaren jabe izatearren eskatu zizkien 2000 urre-dukatak ordaindu ahal izateko, eginahal handiak egin behar izan zituzten herrikideek: auzo-lurrak saldu behar izan zituzten eta produktu guztien gaineko zergak igo, besteak beste. Orduan, alkateaz eta bi zinegotziz osatutako Udala sortu zen eta Astigarragari probintziako Batzar Nagusietara sei ordezkari bidaltzeko eskubidea eman zitzaion, bertan hirurogeita bigarren postuan botua ematen zutelarik, Aiztondoko alkate zen Eskilatxe Printzearekin batera lekua banatuz, azken horrek banaketa eta gero errege-eskubideak gorde zituen.
Hala ere, 1840. urterarte Murgia eta Astigarraga banatuta egon ziren eta ez Aiztondoko alkateek, ez eta Astigarragakoek ere, ez zuten murgiatarren lurretan parte hartzeko eskubiderik izan.
1598. urterako hasiak ziren udaletxe berria eraikitzen, batzarrak egiteko areto eta guzti eta beste zenbait gela alokaturik zituztela, eta 1743. urterako udal-ordezkariek eta herritarrek Atodoenean (gaur egun Atabo izenez ezagutzen den lekuan) alkatetxe berri bat eraikitzea erabaki zuten.
Gaur egun hor dago udaletxearen egoitza.
1941eko irailaren 30eko udal-akordioaren bidez, Astigarraga Donostiari lotu zitzaion auzo gisa; Estatuko Aldizkari Ofizialean agertutako 1943ko urriaren 17ko Xedapen batek baimendu zuen hori.
Azkenik, urte horretako urriaren 29an ekintza sinboliko bat burutu zen bi herrien arteko mugan bertan.
Frankoren diktadura bukatu zenean, Astiarragako herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukera berreskuratu zuen, eta 1984eko abenduaren 30ean egindako erreferendum bidez 1941. urtea baino lehenago zuten egoerara itzuli nahi zutela adierazi zuten herritarrek. Donostiako Udalak banaketa onartu zuen eta Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek berretsi egin zuten 1987ko apirilaren 8an. Azkenik, 1987ko ekainaren 30ean, Astigarragako Udal demokratiko berria eratu zen.