Albisteak
Atzealdea

Hika Teatroak taldearen “Tarara” obraren entseguetara joateko aukera azaroaren 29tik abenduaren 22ra Erribera kulturgunean

Konpainia Erribera kulturguneko antzokian entseatzen ari da eta ateak bertaratu nahi duten herritarri ireki dizkie.

2021·11·28


HIKA Teatroa TARARA antzezlan berria prestatzen ari da egunotan Erribera antzokian, eta entseguetako ateak sormen prozesua ezagutu nahi duten astigartarrei ireki dizkie. Hala, nahi duen oro beherago azaltzen diren egun eta ordutegietan azaldu besterik ez du egin behar, entseguak ikusteko eta talde artistikoa ezagutzeko. Antzezlan baten parte hartzen duten profesionalen lana gertutik ikustea, zuzendariaren ohartarazpen eta iruzkinak entzutea, aktoreen arteko harremanak, eszenografiaren eta jantzitegiaren sorrera, eta emanaldietan ikusten ez diren hainbat alderdi gertutik bizitzeko aukera eskaintzen du ekimen honek. Antzerkia demokratizatzeko, herritarrak sormen prozesuko kide sentitzeko eta publiko berriak sortzeko bidea da.

Tarara obra: Josi Alvarado dramaturgo alacantarrak idatzitako La Tarara testua du oinarri: SGAEren I Ana Diosdado antzerki lehiaketaren irabazlea 2019an, eta Valentziako kritikak ematen duen CLAVE literatur sariaren garailea 2020an. Euskarara Arantxa Iturbe idazleak ekarri du, eta Agurtzane Intxaurraga da obraren zuzendaria.

Talde artistikoan, Kepa Errasti, Tania Fornieles, Sandra Ferrús, Eneritz Artetxe, Itziar Ituño, Adrián García de los Ojos eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak eta Ikerne Gimenez eszenografia eta jantzitegian.

Antzerki soziala da TARARA. Gizartearen isla txikia. Adingabeen abusuak, genero identitatea, tratu txarrak, amatasuna, dira lantzen diren gaiak. Baina guzti hauen gainean bat da nagusia, barkamena. Tarara barkamenari buruzko kantua da. Musikak garrantzi handia du ikuskizunean eta zuzenean jotzen da, pieza klasikoak herri kantekin tartekatuz eszenatokian.

Sinopsia: San Fran, Bilbo, 70eko hamarkada. Bertan bizi da Rosa umea, giro ilun eta zapaltzailean. Rosa biolin jotzailea da eta Liszt konpositorea eta zendutako beste hainbat musika-egile ikusteko ahalmena dauka. Yasmín, ezizenez Tarara, gaueko lanetan aritzen den emakume trabestia, du lagunik onena mamuen aurka duen borrokan. Rosa heldua eta Rosa neskatoa txandakatuz doaz susmo hutsa den sekretuen inguruan hegan dabiltzan oroitzapenen joan-etorrian. Tiradera batean agertutako maitasun karta batzuei esker azaleratuko da musikaz eta edertasunez betetako umearen memoria hautsia.

Erriberako entsegu egunak eta ordutegiak:

  • Azaroak 29 eta 30: 9:30etik – 15:30era
  • Abenduak 1, 2 eta 3: 9:30etik – 15:30era
  • Abenduaren 16tik 21era: 9:30etik-15:30era. (Abenduaren 18an baliteke arratsaldez egitea).
  • Abenduak 22: Entsegu irekia, iluntzeko 20:00etan.

Aktore taldea zuzendariarekin irailaz geroztik ari da tarteka Erribera antzokian lanean. Abenduaren 5ean eszenografia eta argiekin hasiko dira eta abenduaren 22an entsegu ireki bat eskaniko dute iluntzeko 20:00etan. Taldea desiatzen ari da jendea jasotzeko, eta datorrenaren (nahi duenaren) iritzia jasotzeko. Lan talde osoa egongo da bertan, bi bertsiotako aktore taldeak, alegia.

Urtarrila hasieran, bi astez, Errenteriako Lekuona Fabrikara joango dira lanarekin ekiteko. Eta Urtarrilaren 15ean estreinatuko da euskarazko bertsioa jendearen aurrean. Ondoren, gaztelaniazko bertsioaren azken entseguak prestatze aldera, urtarrilaren 17an Erriberara itzuliko dira bigarrenez. Eta aste horretako ostiralean, urtarrilak 21ean hain zuzen ere, astigartarrek gaztelaniazko entsegu ireki bat ikusteko aukera izango dute. Handik egun gutxira, Bizkaira salto egin eta urtarrilaren 28an estreinatuko da ikuskizuna, gaztelaniaz, Bilboko Arriaga Antzokian.