Albisteak
Atzealdea

Herritar ugari Haurreskola berriaren inaugurazioan

23
Astigartar ugari bildu zen apìrilaren 6an Haurreskola berria ikustera

2022·04·07


Astigartar ugari hurbildu zen joan den asteazkenean haurreskola berria ikustera.

17:30ean egin zen inaugurazio ekitaldia. Xabier Urdangarin alkateak eta Lide Amilibia Haurreskolako hezitzaileak hartu zuten hitza.

Ekitaldiaren ondoren Haurreskola bisitatzeko eta ikusteko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek.

Haurreskola egokitzeko obraren kostua 1.275.000,00 eurokoa izan da (BEZ barne) eta lokala Udalak jarri du. Haurreskola berriak 790 m2-ko azalera du. Proiektua ESTUDIO TORRE ELORDUY, SLP ARQUITECTURA Y URBANISMO arkitektura estudioak idatzi du eta obrak ALTUNA Y URIA, S.A. enpresak egin ditu.

Udalak haurreskola berria Haurreskolak Partzuergoari lagako dio, kudeatu dezan.

Haurreskola berria elkarlanean hezitzaileekin

Haurreskola berriaren diseinuan zuzenean parte hatu dute Astigarragako haurreskolako hezitzaileek, izan ere, Udalak argi zuen ezinbestekoa zela hezitzaileen iritzia kontuan hartzea, beraiek ezagutzen dituztelako inork baino hobeto haurreskolaren funtzionamendua eta beharrak. Prozesu horretan, herri desberdinetako haurreskolak bisitatu genituen eta beste hezitzaile batzuekin ere gure kezkak partekatu genituen. Hainbat lan bilera egin genituen eta planoekin aurrera eta atzera ibili ginen, apirilaren 6an inauguratuko dugun haurreskola diseinatzera iritsi arte.

Haurreskolaren ezaugarriak

Haurreskolara sartu eta hezitzaileentzako harrera bulegoa, elkargunea (bilera-gela, jantokia...) eta zerbitzuetarako gelak daude (haurren aulkitxoak gordetzeko gela, garbiketarako gela…). Haurrentzat 8 unitate edo gela daude, 0-1 urte bitartekoentzat 4 unitate eta 1-2 urte bitartekoentzat beste 4 unitate. Horrez gain, erabilera anitzeko gela handi bat ere badu haurreskolak. Gelak diseinatzerakoan oso kontuan izan dugu ikasgelen arteko ikus-komunikazioa ziurtatzea.

Jolastokia

Kanpoko jolaslekuari dagokionez, kaleko espazio publikoa aprobetxatu dugu eremu handi bat sortzeko. Horretarako, etxebizitzen blokearen jabeekin akordio batera iritsi ginen aterpea ere jolasleku horretan integratzeko. Oso espazio erosoa geratu da, aterpea eta berdegunea dituena eta orientazio egokia du eguzkiaz gozatzeko.