Albisteak
Atzealdea

Astigarragako Herri Eskolako ikasleak “Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna” gaia lantzen eta herriko egoera aztertzen ari dira.

1
Diagnostikoa egin eta konpromisoak eta eskaerak landu ondoren, Udalarekin elkartuko dira, maiatzaren 5ean.

2022·04·06


Ikasturte honetan zehar, Astigarragako herri-eskolako ikasleak, Udalaren laguntzarekin, “Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna”ren gaia lantzen ari dira Eskolako Agenda 2030 hezkuntza-programaren baitan. Aurreko ikasturtean aurtengo gaiarekin lotura estua duen beste gai bat landu zuten, hain zuzen ere basoen gaia.

Gai horiek harreman zuzena dute “Lehorreko ekosistemetako bizitza” izeneko Garapen Iraunkorreko Helburuarekin (GIHak 2015 urtean onartu ziren nazioarte mailan eta 17 dira orotara. Euskadiren kasuan, 18. bat gehiago dugula aipatu behar da: hizkuntza eta kultura aniztasuna.

Hezkuntza-programa honen metodologiarekin bat etorriz, herri guneko eta gertuko belardietara bisitak egiteari ekin zioten atzo eta hala ibiliko dira Lehen-hezkuntzako maila guztietako ikasleak hurrengo ostegunera arte.

Irteera hauek herriko diagnostikoa osatzeko balio izango dute. Izan ere, diagnostiko horren emaitzak aztertu ondoren, eskolako eragileek herri mailako berdeguneen egoera hobetzera zuzendutako proposamenak aurkeztuko baitizkiete Astigarragako Udaleko ordezkariei.

Aurreko urteetako ohiturari jarraiki, maiatzaren 3an Lehen-hezkuntzako gela bakoitzeko ikasle ordezkariek eskolako eragileek bere gain hartuko dituzten konpromisoak eta Udalari zuzendutako eskaerak adostuko dituzte eta maiatzaren 5ean Udalarekin foroa izango da (bertan, ikasle ordezkariek, egindako lana aurkeztuko dute eta proposamenak zeintzuk diren azaltzeko aukera izango dute).

1