Albisteak
Atzealdea

Astigarragako Udalak bilera egin du Donostiako Udalarekin dBusen lineak luzatzeko aukera aztertzeko

1
Bi udalak prest agertu dira azterketa hori egiteko eta Foru Aldundiari hainbat gai argitzeko eskatu diote.

2022·02·23


Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 1ean Buruntzaldeko hiriarteko garraioaren zerbitzu publiko erregular berria jarri ondoren, zerbitzu berriak gabezia nabarmenak zituela iritzita, Astigarragako Udalak Foru Aldundiari beste alternatiba batzuk aztertzeko proposamena egin zion, hain juxtu ere Donostiako Udalaren eskumena den dBusen bi linea Astigarragara luzatzea (Martutene auzora iristen den 26. linea eta Antigua-Ospitaleak ibilbidea egiten duen 35. linea). Horretarako, Astigarragako Udalak proposatu zion hiru erakundeek lan-mahai bat osatzea, alternatiba hori aztertzeko. Foru Aldundiak erantzun zion, lehen urrats gisa, Astigarragako eta Donostiako Udalek harremanetan jarri behar zutela eta, azterketa hori egiteko prest egonez gero, Foru Aldundia bidelagun izateko prest legokeela.

Joan den otsailaren 8an bi udal horiek bilera egin genuen. Bertan izan ginen, batetik, Donostiako Udalaren izenean, Pilar Arana andrea (Donostiako Udaleko mugikortasun eta garraioko zinegotzi ordezkaria), Jone Argoitia andrea (mugikortasun zuzendaria) eta Igor Gonzalez jauna (garraioko zuzendaria) eta, bestetik, Astigarragako Udalaren izenean, Xabier Urdangarin jauna (Astigarragako alkatea), Andoni Gartzia jauna (hirigintza eta mugikortasun zinegotzia) eta Izaskun Txintxurreta andrea (ingurumen eta mugikortasun teknikaria).

Bilera horretan, gaia aztertu ondoren, bi aldeek interesa azaldu eta prest agertu gara dBusen lineak Astigarragara luzatzeko aukerak aztertzeko.

Gaia konplexua izanik (lineen diseinua, bideragarritasun ekonomikoa, alderdi juridiko eta administratiboak), azterketa lanekin hasteko, bi udalek idatzia bidali diote Foru Aldundiari, gai hauek argitzeko eskatuz:

  • Kontuan harturik herriarteko garraioaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, aipatutako dBuseko lineak Astigarragara luzatzeko Aldundiaren prestutasuna eta oniritzia zein den adieraztea.
  • Kontuan harturik Donostiako Udala (dBusen bidez) prest dagoela aipatutako alternatiben azterketa tekniko eta ekonomikoa egiteko, dBus-ek azterketa egokia egiteko eskatzen duen informazioa ematea, behar den xehetasun-mailarekin, batik bat dBus-en 26. linea (Martutene auzora iristen dena) luzatzeko sakon aztertu beharko baitira Buruntzaldeko BU12 linearen erabiltzaileen datuak, espedizioz espedizio, dBusen 26. linean izango lukeen eragina aurreikusteko.
  • Kontuan hartuta dBusen 26. linea Astigarragara luzatzeak aukera eman lezakeela, Buruntzaldeko Lurraldebusen emakidari eraginez, Lurraldebusen BU12 linea bertan behera uzteko eta baliabide horiek BU13 indartzeko edota Astigarraga-ospitaleak-unibertsitateak linea berri bat sortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak aukera hau aztertzeko eta martxan jartzeko izango lukeen prestutasuna adieraztea.
dBizi zerbitzua: otsailaren 8ko bileran beste gai bat ere aztertu zuten Astigarragako eta Donostiako Udalek, hain zuzen ere Donostiako Udalak martxan duen dBizi zerbitzuarekin (bizikleta elektrikoak eta arruntak erabiltzeko zerbitzuarekin) bateragarria izango den zerbitzua jartzea Astigarragako Udalak. Aukera hori aztertzen ari da Astigarragako Udala eta azterketa ekonomiko eta teknikoa egiten ari da.
1