Albisteak

Atzealdea ZiRRara, sexu aholkularitza zerbitzua, azaroaren 8an abian

Aurrez aurreko kontsultak asteazken arratsaldetan egingo dira, eta beharrezkoa da hitzordua aldez aurretik eskatzea

2023·11·02


Herritarren artean harreman osasuntsu eta parekideak eraikitzeko helburuarekin Udalak bi ekimen jarri ditu martxan: batetik, 16 urtetik gorako herritarrentzat “ZiRRara” sexu aholkularitza zerbitzua eta bestetik, haur eta nerabeentzat sexu heziketa tailerrak. Bi ekimenak azarotik ekainaren amaiera bitartean gauzatuko dira.

“ZiRRara” sexu aholkularitza zerbitzua

16 urtetik gorako norbanako, bikote eta gurasoei zuzendutako doako zerbitzua da. Gorputza, desira, sexualitatea eta harreman afektibo-sexualei buruzko zalantza, zailtasun eta/edo informazio beharrei erantzuteko. Gai anitzak landu daitezke bertan, besteak beste, honakoak:

  • Seme-alabak edukitzean ala horiek bilatzeko prozesuan erotismoa mantentzea.
  • Pertsonen artean plazer eta praktika alternatiboak izaten ikastea bizitzako fase ezberdinetan.
  • Sexu identitate edo desira orientazioan zalantzak argitzea.
  • Jeloskortasuna eta ez-ulertzeak bikote monogamo eta ez monogamoetan.
  • Sexting, pornografia eta sare sozialen bitarteko gertakarien zalantzak edota kezkak argitzea.
  • Sarketarekin zailtasunak konpontzea (tentetzea, isurtzea, mina, itxiera...).
  • Seme-alaben sexu-hezkuntzarako irizpideak jasotzea.

Zerbitzua azaroaren 8an abiatuko da eta erabili nahi duten herritarrek aurrez aurreko arreta jaso ahalko dute asteazkenero Kultur Etxe Zaharreko behe solairuan, 16:00etatik 19:00etara. Beharrezkoa da aldez aurretik txanda hartzea, zirrara@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 747493457 zenbakira deituta. Gainera kontsultak online ere egin ahalko dira zirrara@astigarraga.eus helbidean edo 747493457 telefonoan (Whatsapp bidez).

Informazio gehiago: astigarraga.eus/sexu.

Haur eta nerabeentzat sexu heziketa saioak

Astigarragako Herri Eskolan eta Arantzazuko Ama institutuan ikasleei, tutoreei eta gurasoei zuzendutako hainbat saio emango dira berdinen arteko bizikidetza eta harreman afektibo-sexual osasuntsu eta parekideak lantzeko. Horrez gain, Gaztelekuan 12-16 urteko erabiltzaileei zuzendutako tailerrak izango dituzte eta nerabeek harreman afektibo sexualei buruzko zalantzak eta kezkak argitu ahalko dituzte bertan.