Albisteak

Atzealdea Zerbitzu sektorean euskara areagotzeko, Udalak bat egin du UEMAren “Bertatik Bertara” kanpainarekin

Helburua da uda sasoian bisitariak eta bisitariekin harreman zuzena izan ohi duten zerbitzu sektoreko profesionalek euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea.

2023·06·30


Aurtengoa “Bertatik Bertara” ekimenaren 4.edizioa izango da eta “Gure herria, gure hizkuntza, gure arnasa” leloari jarraituz, Astigarragako Udalak bat egingo du UEMAren kanpainarekin, herriko hainbat eragileren elkarlanari esker.

Irailaren erdialdera arte izango da martxan kanpaina. Astigarraga bezalako udalerri euskaldunetan euskara, bertako hizkuntza propioa, nabarmentzera dator ekimena. Udalerri euskaldunak balioan jartzearekin batera, bisitariak bizi-bizirik dagoen gure hizkuntzaz gozatzera animatu nahi dira. Zerbitzu sektoreko profesionalek zerbitzua euskaraz emateak eskaintzen duen balioaz jabetzea ere bada kanpainaren helburuetako bat.

Horretarako, hainbat baliabide prestatu dira; bai bisitarientzat, bai sektoreko profesionalentzat ere. Astigarragan, tabernetarako edo jatetxeetarako “Bertatik Bertara” kanpainaren mahai gainekoak banatuko dira; guztira, 6.000 ale. Kanpainaren lelo eta testu naguiarekin batera, bost hizkuntzara itzulitako oinarrizko hiztegitxoa eramango du euskarriak. Kanpainari buruzko informazio gehiago izateko eta mezua beste hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko, QRa txertatu da mahai gainekoetan.

Kanpainaren berri ematen duen bisitaritentzako eskuorria ere banatuko herriko hainbat tokitan; batez ere, kanpotar edo bisitari gehien izaten den lekuetan (adibidez, Sagardoetxean). Euskarazko eta ingelesezko testua darama informazio orriak, eta beste hiru hizkuntzatan irakurtzeko aukera ere egongo da QRak erabilita: katalenez, gaztelaniaz eta frantsesez.

Zer egin behar da kanpainan parte hartzeko?

Taberna edo jatetxea baduzu Bertatik Bertara kanpainaren mahai gaineakoak eska ditzakezu, doan, bide hauek erabilita:

  • Emailez: euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus edo tokigarapena@astigarraga.eus helbidera idatzita.
  • Telefonoz: 943 33 10 67 edo 943 50 57 00 telefonora deituta.

Ikusi eskuorria