Albisteak

Atzealdea Zaintzari lotutako hainbat esperientzia ezagutuko ditugu otsailaren 5ean egingo den A* elkar zainduz prozesuaren bigarren topaketan

Topaketa arratsaldeko 17:30tan hasiko da Erribera kulturgunean eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera

2026·01·28


Badira hilabete batzuk Udalak, komunitatearekin batera, A* elkar zainduz prozesuari ekin ziola. Prozesua hastean, bi helburu bilatzen ziren nagusiki: herrian zaintza-sare bat osatzea eta zaintzaren arloan hainbat ekintza abian jartzeko plan bat, eta bide horretan aurrera goaz.

Horretarako, prozesua martxan jarri zenetik hainbat lan egin dira, hala nola Astigarragako diagnostikoa, herritarrei zuzendutako galdetegiak eta herriko eragile eta pertsonekin egindako elkarrizketak. Bildutako datu guztiekin diagnostiko osatua aurkeztu zitzaien herritarrei urtarrilean egindako lehen topaketan, eta hainbat dinamikaren bidez zenbait behar antzeman ziren. Premia horiekin erronka batzuk identifikatu dira, eta orain horiek ase ditzaketen ereduak ezagutzen ari gara, inguruko herri eta auzoetan abian dituzten esperientziak. Horietako batzuk aukeratuko ditugu, zaintza-mahaia osatzen duten ordezkariekin batera, eta herritarrei aurkeztuko zaizkie bigarren topaketan. Topaketa honetan esperientzia hauek martxan dituzten herri eta auzoetako ordezkariak gonbidatuko dira, prozesuaz eta esperientziaz lehen pertsonan hitz egiteko. Helburua ez da esperientzia horiek Astigarragan bere horretan txertatzea, herri bakoitzak bere ezaugarriak dituelako eta batean funtzionatzen duenak beste batean funtzionatzen ez duelako. Esperientziak bertatik bertara ezagutuko ditugu eta Astigarragan zer eta nola egin nahi dugun pentsatzeko inspirazio gisa erabiliko ditugu.

Otsaileko topaketa honetan jasotako informazioa, beraz, aztertu eta osatu egin beharko da, herrira egokitzeko eta moldatzeko. Ondoren, proposamen horiek eta beste batzuk ekintza-plan batean jasoko dira, martxoan egingo den hirugarren eta azken topaketan herritarrei aurkeztu ahal izateko.

Beraz, herritar guztiak gonbidatzen ditugu otsaileko topaketan parte hartzera, esperientzia ezberdinak ezagutzera, gure herrira egokitu ahal izateko: otsailaren 5ean, 17:30ean (ordu eta erdi inguruko iraupena), Erribera kulturgunean. Saioa amaitzean, mokadutxo baten bueltan, bertaratutakoek informalki hitz egin eta iritziak partekatuko dituzte. Interesa duten pertsona guztiek saioan oztoporik gabe parte hartzeko aukera izan dezaten, itzulpen- eta haur zaintza-zerbitzuak eskainiko dira (zaintza-zerbitzua astebete lehenago eskatu beharko da, formulario hau betez edo harremanetarako bide hauetan: berdintasuna@astigarraga.eus/638 206 586).