Albisteak
Atzealdea Zabalik da tunel morea
2023·12·04
Tunelaren obra aurreikusita zegoena baino gehiago luzatu da, oso material berezia erabili baita, eta ustekaberen bat egon da. Baina, azkenean, tunel morea ireki da.
Proiektuaren helburua Emakumeon Plazatik Sagardo Plaza-Joseba Barandiaran plazetarako (bertan dago Emakumeon Etxea ere) pasabidea egokitzea eta atontzea izan da, tunelaren hormak apainduz eta argiztapena indartuz. Horretarako, horma bat kurbatu da, non inprimatutako koposizio bat duten baldosa zuriak jarri diren. Sabaian ispilua jarri da zabaltasuna emateko.
Tunel Morearen diseinuan Nagore Legarreta argazkilariak lan egin du, argazki saioak eta ondorengo konposizioa bere eskutik egin dira. Herriko emakumeekin egindako argazki saioak kultur etxe zaharreko sagastian egin ziren, gauez. Behin argazkiak eginda, negatiboak tindatu eta kolore desberdinetako konposizioa sortu zen: indarra, ahalduntzea, askatasuna... sinbolizatuz. Ondoren, konposizio hori baldosa zurietan inprimatu zen. Irudi hauen bidez, ikusgarritasuna eman nahi izan zaie emakumeen gorputzei, sexualizatu gabe eta gizartean dauden kanon estetikoetatik kanpo, beren indarra erakutsiz. Lan honekin, Emakumeon plazan egindako muralean erabili zen hizkuntza estetikoari jarraitutasuna eman zaio.
Lanen aurrekontua 44.235,18 eurokoa izan da.