Albisteak
Atzealdea XXXIII. Sagardo Berriaren Eguna 2026
2026·01·15

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, urtarrilaren 14an XXXIII. Sagardo Berriaren Eguna ospatu zen, sagardo berriaz gozatzen hasteko. Aurtengo gonbidatua Euskal Pilota Selekzioa izan da.
Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak hasiera eman zion 12:00etan Erribera Kulturgunean (Astigarraga) izan zen prentsaurrekoari. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak, eta 2025eko sagarraren uzta, sagardo berria zein sagardoaren sektoreko berrikuntzak aurkeztu zituzten.
Ondoren, Errege Sagarra barietateko sagarrondo bat landatu zuten Erribera Kulturguneko plazan. Ekitaldi sinboliko horrekin naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi izan zituzten.
Ekitaldiaren hogeita hamahirugarren edizio honetako unerik bereziena lehen kupelaren irekiera izan zen: Astigarragako Petritegi sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda Euskal Pilota Selekzioko ordezkariek, 2026ko sagardo denboraldi berria ireki zuten.
