Albisteak

Atzealdea Xagu Xarreko eta kiroldegiko udalekuak abuztuan martxan jartzea erabaki dute udalak eta antolatzaileek

Uztailaren 18 eta 22an udalekuak ixteko gomendioaren ondotik, uztailaren 28ko Aginduaren bidez Osasun Sailak zehaztu du haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak egin daitezkeela.

2020·07·29


Joan den uztailaren 18an Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Departamentuak udalekuak ixteko gomendioa egin zien udalei. Horren ondotik, gomendio horri jarraituz, Astigarragako Udalak erabaki zuen Xagu Xarren udalekuak, Kiroldegiko jolas txiki eta multikirola eta gaztelekuko jarduerak bertan behera uztea. Bertan behera utzi ondoren, bizpahiru egunetara, herri gutxi batzuetan erabaki zuten udalekuak berriz martxan jartzea, nahiz eta Osasun Publikoko Departamentuak uztailaren 22an berriz gomendioa eman udalekuak ixteko. Gomendio horretan adierazi zuen 10 egunetara berrikusiko zituztela gomendioak eta neurriak.

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 29 aldizkari ofizialean argitaratu du Covid19a zabaltzea saihesteko neurrien inguruko agindua, arloz arlo prebentzio neurriak zehazten dituena (AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero).

Uztailaren 28ko Agindu horren 3.22 atalak zehaztu du haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak egin ahal izango direla, beti ere arlo horretarako ezarritako prebentzio neurriak betez.

Hori guztia kontuan hartuta, Astigarragako Udalak, Xagu Xarrek eta Kiroldegiak erabaki dugu Xagu Xarren abuztuko udalekuak eta Kiroldegiko jolas txiki eta multikiroleko abuztuko txandak martxan jartzea. Uztaileko txandetan bezala, abuztuko txandetan udalekuetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak beteko dira.