Albisteak
Atzealdea Xabier Urdangarin Lasa, datozen lau urteetarako Astigarragako alkatea
2023·06·20
Larunbatean Udalbatza eratzeko Osoko Bilkura egin zen, eta 13 zinegotziek karguaren zina egin zuten. Ondoren, alkatea aukeratzeko bozketa egin zen eta Xabier Urdangarin hautatu zuten alkate EH Bilduren 8 botoekin. Aginte makila Ione Olatziregi zinegotzi ohiaren eskutik jaso zuen.
Udalbatza berriak 13 zinegotzi ditu, horietatik 8 EH Bildukoak dira, 4 EAJ-PNVkoak eta bat PSE-EEkoa. Udalbatza osatzen duten 13 zinegotzietatik 6 aurreko legegintzaldian egon ziren eta beste 7ak berriak dira.
EH Bilduk inoiz izandako ordezkaritza handiena izango du Udalbatzan. Izan ere, maiatzeko udal hauteskundeetan, alderdiak gehiengo osoa lortu baitzuen 1703 botorekin, hau da, botoen % 51,68, eta datozen lau urteetan 8 zinegotzi izango ditu, aurreko agintaldian baino bat gehiago. EAJk ordezkari bat galdu du aurreko legealdiarekin alderatuta, eta, 986 botorekin, 4 zinegotzi izango ditu. Azkenik, PSEk 274 boto lortu zituen eta zinegotzi bat mantendu du.
Lankidetza
Xabier Urdangarinek, bere berrautaketan, eskerrak eman nahi izan zizkien udalbatzako kideei, udal langileei eta familiari. Ondoren, nabarmendu nahi izan zuen aurreko legegintzaldian Osoko Bilkuren eta Tokiko Gobernu-Batzordeen erabakien % 80 aho batez hartu zirela, eta legegintzaldi honetan ere gauza bera gertatzea espero duela, astigartarren mesedetan elkarrekin lan eginez.