Albisteak

Atzealdea Uztailaren 24, 25 eta 26an tabernak 02:30ean ixtea adostu dute udalak eta establezimenduek

Uztailaren 22an bilera egin zuten udalak eta ostalaritzako hainbat establezimenduk. Terrazekin batera tabernak ixtea adostu dute 02:30ean.

2020·07·23


Uztailaren 22an bilera egin dugu udalak eta Astigarragako ostalaritzako hainbat establezimenduk, datorren asteburuari begira ditugun kezkak partekatu eta egoera aztertzeko.

Datorren asteburuan ez da Santio Jairik izango. Kultur ekitaldi batzuk egingo dira, egunez eta aforoa eta prebentzio neurriak betez. Nolanahi ere den, jakitun gara familian eta lagunartean bazkari eta antzeko ospakizunak egingo direla. Ospakizun horietan prebentzio neurriak zorrotz bete behar ditugu, osasunagatik eta ardura kolektiboagatik.

Era berean, taberna eta jatetxeetan ere prebentzio neurriak bete behar ditugu. Ostalaritzako sektorea ahalegin handia egiten ari da, herritarroi zerbitzua emateko hartu beharreko neurri guztiak zaintzen eta betetzen eta bezeroon laguntza behar dute gauzak txukun egiteko. Gogoan izan, musukoa erabili (soilik kendu jateko edo edateko unean), 10 lagun baino gehiagoko taldeetan ez elkartu, eskuak sarri garbitu, tabernetako eta terrazetako aforoa errespetatu...

Testuinguru honetan, udalak eta Astigarragako ostalaritzako hainbat establezimenduk adostu dugu uztailaren 24, 25 eta 26an tabernak eta terrazak 02:30ean ixtea (terrazak 02:30erako bilduta egongo dira).

Bizi dugun egoerak planak aldatu eta moldatzea eskatzen du, betiko jaiak ahaztuta. Denon ahaleginarekin lortu behar dugu egun hauetan gozatzea, baina segurtasunez eta osasuna zainduz.

Proposamenarekin bat egin duten establezimenduak:

Txiki, Txingurri, Robin, Laket, Sua, Ibai-Lur, Bodeguilla, Bukoi, Sagartxo, Petrikafe, Ikatza, Ekaitz, Kupela

Jokatu arduraz!