Albisteak

Atzealdea Uztailaren 16an Udalak Santio jaien aurretiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen

Kiroldegia, DBH eta anbulatorioa bezalako proiektu garrantzitsuekin lotutako gaiak onartu ziren. Bestalde, zerbitzu batzuk esleitzeko lehiaketak jarri ziren martxan, eta dirulaguntzek ere lekua izan zuten batzarretan.

2024·07·17


KIROLDEGIA BERRITZEKO PROIEKTUA ONARTU

Udalak hainbat urrats eman ditu kiroldegia berritzeko eta handitzeko behar diren obrak egiteko. 2021ean, beharren azterketa egin zen, eta herritarren eta eragileen iritzia bildu zen. 2022an jarri zen martxan proiektua idazteko lehiaketa eta 2023ko uztailean oinarrizko proiektua onartu zen.

Astearteko Osoko Bilkuran horrekin lotutako gai batzuk onartu ziren, kiroldegiko obrak hasi ahal izateko urrats garrantzitsuak. Alde batetik, obren exekuzio proiektua onartu zen eta, bestetik, finantzaketari dagokionez, obrak egiteko mailegua eskatzea onartu zen.

Kiroldegian aurreikusitako obren artean, espazio berriak sortu eta daudenak berrituko dira. Espazio berriak eraikiko dira, hala nola padel pistak, boulderra, rokodromoa, kantxa berria eta hainbat areto (guztira 2.244 m2 gehituko dira). Beste batzuk berritu eta hobetu egingo dira, hala nola aldagelak, ikastaro-gelak edo fitness aretoa (5.938,76 m2 eraberrituko dira). Horrekin batera, kiroldegirako sarbidea irisgarria izango da, igogailuaren kota berean egongo baita, herri eskolaren aldetik.

Aurrekontua guztira 8.204.941,77 eurokoa da (kontzeptu eta zerga guztiak sartuta) eta obrak egiteko epea 23 hilabetekoa (obrak 2025eko uztailean hastea aurreikusten da).

Lehen fase honetan ez da igerileku estalirik egingo. Igerileku estaliaren kostua 5 milioi euro ingurukoa da eta udal gobernuaren iritziz kopuru handiegia da lehen fase honetan horri ekiteko.

Obrak hasi aurreko lanei ekingo dire orain Udalak: zuzendaritza fkaultatiboaren lehiaketa, obrak esleitzeko lehiaketa, maileguaren kontratazioa, hiritartze lanen antolaketa eta abar.

HIRIGINTZAREN ARLOAN HAINBAT GAI

Mendiaundi Anibarren DBHko eraikina egiteko plan bereziaren behin betiko onarpena

Osoko Bilkurak asteartean eman zion behin betiko onarpena Mendiaundi Anibarren DBHko eraikina eraikitzeko plan bereziari.

Uztailaren 5ean bildu zen Udala Hezkuntza Sailarekin, eta hauek dira une honetako egoera eta aurreikuspenak: Hezkuntza Saila oinarrizko proiektua amaitzen ari da eta laster aurkeztuko dio Udalari. Horrekin batera, obrak egiteko baimena ere eskatuko dio Udalari. Aurreikuspenen arabera, obrak esleitzeko lehiaketa 2025eko urtarrilean jarriko du martxan Hezkuntza Sailak, eta DBH eraikitzeko obrak 2025eko udazkenean hasiko lirateke.

Udalak irailean batzar ireki bat antolatuko du herritarrei DBHri buruzko proiektua aurkezteko eta informazioa emateko.

Anbulatorio berria kokatzeko HJE 9 "Ergobia ibilbidea" eremuan partzela bat ekipamendu-sistema orokor gisa kalifikatzeko HAPOren aldaketari hasierako onarpena

Anbulatorio berria Bidebitarten, gaur egun kantxa dagoen lekuan, kokatuko da eta kantxa atzerantz eramango da. Osasun Sailak ontzat eman du kokapen hori, eta, ondorioz, Udalak HAPOaren aldaketa puntual bat izapidetu du, eremu horretan osasun ekipamendu bat eraiki ahal izateko. Asteartean, Osoko Bilkurak hasierako onarpena eman zion HAPOaren aldaketa puntualari, eta 45 egunez jendaurrean egongo da.

HAPOren aldaketa puntuala da anbulatorio berriari dagokionez Udalak egin beharreko izapide bakarra; izan ere, gainerako exekuzioak (proiektua idaztea, lizitazioak eta obrak) Eusko Jaurlaritzak gauzatu behar ditu. Eusko Jaurlaritzak bere aldetik, orubea ontzat emateaz gain, finkatu ditu osasun zentro berriaren eremu eta espazioen beharrak.

BI LEHIAKETA ESPEDIENTE ONARTU ETA DEIALDIAK, eta bi luzapen

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta etxebizitza tutelatuetako zerbitzua

Uztailaren 16ko osoko Bilkuran Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eta babespeko etxebizitzen kudeaketaren zerbitzuak kontratatzeko baldintzak onartu eta lehiaketa martxan jarri du. Igoera nabarmena izan duten zerbitzuak dira, erabiltzaileen kopuruaren, ordu kopuruen nahiz kostuen aldetik. Azken urteotan Udalak zerbitzu horien aurrekotu saila nabarmen handitu du, etxez etxeko zerbitzu egoki bat eskaintzeko apustua eginez.

Bi kontratu berri hauetan Udalak ahalegin ekonomiko handia egin du, izan ere orduko prezioak %20 igotzea aurtreikusi baitu. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren sektorea, bereziki sektore feminizatua da eta lan-baldintza eskasak ditu. Horregatik, Udalak ahalegin berezia egin du langile horien baldintzak hobetzeko. Udalak hainbat bilera egin ditu gaur egun lan egiten duten langileekin, enpresarekin eta LAB sindikatuarekin. Eta, aurrekontua %20 igo du. Horrela, enpresak eta langileek hitzarmena berritu dute igoera aplikatuz, eta langileak subrogatzean, baldintza berriekin egingo dute.

Kontratuak bi urteko iraupena izango du, eta urtebeteko hiru luzapen egiteko aukera egongo da. Bi zerbitzuak kontratu bakarrean aterako dira; etxez etxeko laguntza eta tutelatuetako etxebizitzak, baina bi loteetan.

Argi indarraren hornidura

Energia elektrikoaren hornidura kontratatzeko baldintzak onartu eta lehiaketa abian jartzea erabaki du, bestalde, Osoko Bilkurak. Hiru lote kontratatuko dira: kaleko argiteria batetik, udal eraikinetako hornidura bestetik, eta udal etxebizitzetakoa azkenik. Kontratuaren iraupena bi urtekoa izango da, eta urtebeteko hiru luzapen egiteko aukera egongo da.

DIRULAGUNTZAK

Dirulaguntzekin lotutako hainbat gai onartu ziren Tokiko Gobernu Batzordean.

Dirulaguntza izendunak

  • Danak bat elkarteari dirulaguntza izenduna (kultura): Ergobiko jaiak antolatzeko, 28.000 euro
  • Matazak indarkeria sexistaren aurka elkartearen 2024ko dirulaguntza izenduna: 14.500 euro, besteak beste Elkartearen X. Urteurrena eta Indarkeria-mota anitzak bistaratzeko VII. Topaketak antolatzeko.
  • Mundu Bat Fundazioari dirulaguntza izenduna: 5.000 euroko dirulaguntza, Palestina-Gaza-ko herritarrei laguntzeko (laguntza humanitarioa).

Lehia bidezko dirulaguntzak

  • Euskara ikasteko dirulaguntza lerroaren oinarriak eta deialdia: 2023-2024 ikasturtean edo 2024ko udan euskara hobetzen edo ikasten euskaltegian aritu direnentzako.
  • Euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoetarako laguntzak ebaztea. Herri Eskolako Guraso Elkarteari 3.402,37€ko dirulaguntza, “Euskaraz jolastuz” programa burutzeko.
  • Merkataritza ekintzailetza dirulaguntza eskaera ebaztea: herrigunean negozio berri bat martxan jartzeko laguntza, 4.000 eurokoa.

MOZIO BAT

Plenoak Palestinaren alde Martín Jose Ugartemendia Goikoetxeak aurkeztutako mozioa onartu zuen bertan zeuden alderdien aldeko botoekin (EH Bildu eta EAJ).

  1. Udalak, mozioarekin bat eginez, honako hau erabaki du:
  2. Palestinan berehalako su-etena eskatzea, eta Gobemuari eskatzea Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartu eta emango dela ziurtatzea.
  3. Biztanleria zibilaren aurkako eraso guztiak salatzea eta horrekin batera, NBEk gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak amaitzeko eta zigortzeko behar dituen mekanismoak aktibatuz.
  4. Onartzea okupazio koloniala eta apartheid-a direla gatazkaren egiturazko arrazoiak, eta nazioarteko komunitateak Nazio Batuen ebazpenak ·eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea bete behar dituela.

Ikusi mozioa osorik