Albisteak

Atzealdea Usurbilgo eta Astigarragako udalek helegiteak jaso dituzte udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna zehazteagatik.

4
Bi udalek agerraldia egin zuten atzo UEMArekin batera, eta helegiteen helburua udalak beldurtzea dela nabarmendu zuten, bide hori har ez dezaten.

2025·02·06


Azken asteotan helegiteak jaso dituzte Astigarragako eta Usurbilgo udalek, udaltzainberriak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna ezartzeagatik. Helegiteei emandako erantzunaren berri emateko eta euskararen aurkako oldarraldiareninguruko irakurketa egiteko, bi udalek agerraldia egin zuten atzo Usurbilen, UEMArekin batera.

Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak adierazi zuenez, “euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik, eta zenbait udalerri euskaldun helegiteak jasotzen ari dira azken asteotan, lanpostu batzuei zehaztu diegun hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa dela iritzita”.Zehazki, Usurbilgo eta Astigarragako udalek jaso dituzte helegiteak, udaltzain berriak hautatzeko deialdietan 3. hizkuntza eskakizuna zehazteagatik.

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak ezagutarazi zituen helegiteen nondik norakoak eta bi udalek horiei emandako erantzunak: “Helegiteak jarri dituztenen arabera, 2. hizkuntza eskakizuna nahikoa da. Ez dugu inolaz ere bat egiten horrekin. Ez baita horrela. Udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskarazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herritarrekin hitz egiteko, 2. hizkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala”. Besteak beste, udan ordezkapenak egitera heltzen diren udaltzainen kasua eta antzekoak aipatu zituen, eta baita horren aurrean UEMAk eta udalerri euskaldunek izandako jarrera ere: “Udalerri euskaldunetara heltzen diren udaltzain berri askok B2 maila dute, eta perfil horrek herritarrekin euskaraz aritzeko gaitasuna ez du bermatzen. Udalei dagokigu herritarrekin harremana izango duten udal langileei dagokien hizkuntza profila zehaztea, eta argi dago udaltzainek ongi moldatu behar dutela euskaraz. Ez ahoz bakarrik. Udaletan sortzen diren idatziak eta dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ere badute herritarrek, eta horretarako gai ez diren udaltzainak hartuz gero, hasieratik jardungo ginateke herritarren eskubideak urratzen”.

Hori bermatzeko, bi udalen eta UEMAren arabera “3. hizkuntza eskakizuna soberan justifikatuta dago”. Hori guztia, gainera, legeetan oinarritutako argudio sendoekin aurkeztu dute Usurbilgo zein Astigarragako udalek helegiteei emandako erantzunetan. Kontu teknikoetan sartu gabe, Solabarrietak adierazi zuenez, “udalek legeak ematen dien beharrezko eskumenak dituzte nahi izanez gero herritarrekin harreman zuzena izango duten udaltzainei 3. hizkuntza eskakizuna eskatzeko. Beraz, bere horretan eutsiko diogu eskakizun horri”.

Astigarragako eta Usurbilgo udalak UEMAko kide dira, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen izenean Martin Aramendi Ataungo alkate eta UEMAko lehendakariak babesa adierazi zien atzo bi udalei, helegiteei emandako erantzunekin bat eginez. Areago, txalotu ere egin zituen Aramendik bi udalak, “3. hizkuntza eskakizuna eskatzea, bi alkateek nabarmendu zuten moduan, ezinbestekoa delako herritarrekin harremana izateko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horregatik, zoriondu egin nahi ditugu Usurbilgo eta Astigarragako udalak, herritarren eskubideen defentsan aritzeagatik, eredu izateko konpromisoari zintzo erantzuteagatik, eta mehatxuen eta oldarraldiaren aurreanez makurtzeagatik”.

Aramendik horrelako helegiteak jarri ditu azken hilabeteotan areagotu den euskararen aurkako oldarraldiaren oinarrian: “Hainbat epai ezagutu ditugu azken hilabeteotan, baina epaien aitzindariak dira horrelako helegiteak. Hauek dira oldarraldia ereiten dutenak”. Gaineratu zuenez, ez da kasualitatea helegite hauek iristea orain zenbait udalerri euskaldunetara: “Hau norbaitek nonbait erabakitako zerbait da. Ez da kasualitatea udalerri euskaldunak izatea orain helegite hauek jasotzen hasi direnak. Euskararen biziberritzeak motelaldia bizi du udalerri euskaldunenetan ere, azken datuek eta ikerketek erakutsi duten bezala. Izan ere, euskararen biziberritzeak, udaletatik aldeko hizkuntza politika eginda ere, hamaika zailtasuni egin behar die aurre, inguruko erdaren erauntsiaren erdian. Horregatik, erakunde publikoei eredu izatea dagokigu, baita euskararen normalizazioan ere. Beraz, ezinbestekoa da erabaki ausartak hartzea, gurea defendatzeko eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko”.

Testuinguru horretan, helegite hauen helburuaz ez dute zalantzarik UEMAk eta bi udalek: “Argi daukagu zein den helegite hauen helburua: beldurra sortzea, gainerako udalek bide bera hartu ez dezaten, eta 2. hizkuntza eskakizunarekin konforma daitezen, horrek euskaraz lasai aritzea bermatzen ez badu ere. Epaien eta epaitegien mehatxua. Hori da helegite hauekin udalerri euskaldunei adierazi nahi zaiena. Hortik ez segitzeko ohar argia da. Baina udalei eredu izatea dagokigu, eta epaien mehatxuen gainetik euskararen eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu.”.

Amaitzeko, UEMAren izenean gainerako udalerri euskaldun guztiei ere dei egin zien Aramendik, “herritarrekin aritu behar duten udaltzainen kasuan 3. hizkuntza eskakizuna zehaztu dezaten hautaketa prozesuetan, hori baita euskaraz lasai aritzeko bermea. Gaur Usurbilek eta Astigarragak bezala, gure babesa izango dute bide horretan”.

1 2 3 4