Albisteak

Atzealdea Urteko lehen Plenoan eta Tokiko Gobernu Batzarrean anbulatorio berria eta dirulaguntzak hizpide, besteak beste.

Osoko Bilkuran udal barruko gaiak jorratu ziren, batzorde informatiboen berrantolaketa esaterako. Beste gai batzuk ere izan ziren batzarretan, besteak beste, anbulatorioa, Aroztegiko auzipetuei buruzko mozio bat eta dirulaguntzak.

2025·01·30


Osoko Bilkuran hainbat gai jorratu ziren:

Batzorde informatiboen berrantolaketa

2023. eta 2024. urteetan zehar, Udalak kudeaketa eta koordinaziorako antolaketa-egitura berri bat landu du. Udal-sailak kudeaketa berri horren esparruan ari dira, eta batzorde informatiboen egituran ere islatuko da.

Udalak lau batzorde informatibo izango ditu, egitura berriarekin: Antolaketa Batzordea, Lurralde Batzordea, Ongizateko Batzordea eta Herritarren Batzordea.

Atzoko Osoko Bilkurak egitura berri hori onartu zuen, eta, beraz, otsailetik aurrera batzorde horiek martxan egongo dira.

Batzordearen osaketa ez da aldatuko, hau da, EH Bilduko zinegotzi bat izango da batzordeburu, eta kideak, EH Bilduko bi zinegotzi, EAJ taldeko zinegotzi bat eta PSE-EE taldeko zinegotzi bat.

Udalerriko anbulatorio berria kokatzeko HJE 9 "Ergobia ibilbidea" eremuan partzela bat ekipamendu-sistema orokor gisa kalifikatzeko Astigarragako HAPOaren aldaketa puntuala

Udalak anbulatorio berria eraikitzeko urratsak ematen jarraitzen du, eta astearteko Osoko Bilkuran behin-behinean onartu zen lurzati hori ekipamendu sanitarioko sistema orokor gisa kalifikatzeko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketa.

Partzelaren kalifikazioa aldatzea ezinbestekoa da bertan osasun zentro bat eraiki ahal izateko. Osakidetzak Udalari adierazi zion aldaketa hori egin arte, hau da, adostutako espazioa egokia dela ziurtatu arte, ez zuela proiektua martxan jarriko, eta horregatik da hain garrantzitsua Udalak eman duen urrats hau.

Aldaketa hori onartzearekin batera, Udala Osasun Sailarekin jarriko da harremanetan, onarpenaren berri eman eta anbulatorio berriaren proiektuaren idazketa abian jartzeko eskatzeko.

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozioa Mozioa

EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, EAJ eta PSE-Eek aurka bozkatu zuten.

Aroztegiko proiektuak, 340 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 228 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen du. Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direla jakinik, hasieratik nabarmena izan da proiektu honen izaera espekulatzailea. Lekaroztarrek eta Baztandarrek behin eta berriz proiektu honen kontrako iritzia adierazi badute ere, Nafarroako Gobernua UGEP (Udalez Gaineko Eragina duen Plana) gisa onartuz proiektu hau inposatzen tematu da.

Aroztegia proiektuaren kontrako oposizioan parte hartu duten baztandar herritar eta ordezkariek jazarpen judizial eta ekonomiko nabarmena pairatu dute. Proiektu honek pelotazo urbanistiko bat burutzea du helburu, eta Nafarroako Gobernuak UGEPa onartu izanak Baztango instituzioen eskumenak eta herritarren erabakitzeko gaitasuna urratu ditu.

Horrenbestez, Astigarragako Udalak honako hau erabakitzen du:

  1. Elkartasuna adieraztea Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei, eta beraien absoluzioa eskatzea.
  2. Baztango herritarrek eta ordezkariek prozesu honetan jasan duten jazarpen judiziala eta ekonomikoa salatzea.
  3. Herrien burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, eta pelotazo urbanistiko eta inposizioen aitzinean Euskal Herriko herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea defendatzea.
  4. Otsailaren 1ean Iruñean egingo den manifestazio nazionalean Udal honen atxikimendua adieraztea, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egitea.
  5. Nafarroako Gobernuari UGEPa gelditzeko eskatzea, bere erantzukizuna baita proiektua behin betirako gelditzea.

Ikus mozioa

Berdintasuneko I. Barne Planaren diagnostikoa eta Sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa

Udal barruan Berdintasuneko I. Barne Planaren diagnostikoa eta Sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa egin dira. Protokoloa negoziazio-mahaian onartu da eta udal-langile guztiei aurkeztu zaie. Bersintasunerako I.Barne Plana aste santurako diseinatuta egongo dela aurreikusten da. Astearteko Osoko Bilkuran, informazio gisa, lanketa hori aipatu zen.

Tokiko Gobernu Batzordeko gai nagusia dirulaguntzak izan ziren:

2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa

Urtero bezala Udalak urtarrileko Osoko Bilkuran dirulaguntzen plan estrategikoa onartu du. Planak Udalak emango dituen dirulaguntza izendunak eta lehia askekoak jasotzen ditu. 2025eko aurrekontuan eta plan estrategikoan 1.047.607,05 euro aurreikusi dira dirulaguntzerako, iazko kopuruarekin alderatuta 77.000 euro baino gehiago emango dira dirulaguntzetan 2025erako. Kopuru horrekin, 34 dirulaguntza izendun eta lehia bidezko 14 deialdi bideratuko dira.

Laguntza izendunak eta lehia bidezko laguntzetarako deialdiak otsaila eta martxoan zehar onartu eta izapidetuko dira.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzearekin batera dagoeneko ontzat eman zituen Tokiko Gobernu Batzordeak asteartean; garapeneko lankidetza programaren barruko hainbat dirulaguntza eta bi dirulaguntza izendun, Mundarro elkarteari eta Astigarragako Emakumeon Etxeari.

Garapenerako Lankidetza Programaren 2024ko dirulaguntzak

Udalak urtero kopuru bat bideratzen du garapenerako lankidetza-programetara. Horietako zati bat proiektuetara bideratzen da, Euskal Fondoarekin sinatutako hitzarmen izendunaren bidez. Eta beste alde batetik, Udalak lehia bidez bideratzen dituen sentsibilizazio, larrialdi eta kooperanteentzat dirulaguntza lerroetarako.

Aurten lehia bidezko dirulaguntzetarako honakoak onartu dira:

  • Larrialdietarako
    • AMAP elkarteari 5.938,08 euro: Ugandako errefuxiatu kokaleku handieneko errefuxiatu gazteen esplotazioarekiko kalteberatasuna murrizteko.
    • SINERGOS elkarteari 5.000,00 euro: Mendebaldeko Saharako Tinufeko kanpalekuko errefuxiatuak irailean jasandako uholde larrien aurrean laguntzeko.
    • JUAN BONAL elkarteari 5.000,00 euro: Venezuelako errefuxiatu migratzaileen babeserako.
    • ITSAS SALBAMENDUAri 4.000,00 euro: Migratzaileek eta errefuxiatuek ihes egiten duten itsas ibilbideetan laguntza humanitarioa emateko.
  • Sentsibilizazio programarako
    • SINERGOS elkarteari 3.900 euro: “Hurbiltzen gaituen errealitatea” ekimena Astigarragan garatzeko. 3D betaurreko batzuen bidez Saharako errefuxiatuen kanpaleku batean bizi duten errealitatea ezagutzeko.

Dirulaguntza izenduna Mundarro elkateari

2025erako 112.000,00.-euroko dirulaguntza izenduna, herrian kirola sustatzeko eta elkartearen ohiko jarduneko gastuei aurre egiteko.

Dirulaguntza izenduna Astigarragako Emakuomeon* Etxea Elkarteari

2025. urterako 70.000 euroko dirulaguntza izenduna. 20.000 euroko igoera izan du 2024arekin alderatuta, bereziki, Emakumeon Etxeko dinamizatzailearen jardunaldia handitzeko eta emakumeen aholkularitza juridikorako udal-zerbitzua hitzarmenean sartu delako, lehen berdintasun-sailaren aurrekontuan jasotzen zena.