Albisteak

Atzealdea Urteko azken Pleno eta Tokiko Gobernu Batzarrean gai garrantzitsuak

Hitzarmenak, dirulaguntzak eta etxebizitza hizpide izan dira bi batzarretan

2024·12·20


Tokiko Gobernu Batzarrak bi hitzarmen onartu ditu

  • Euskara egitasmoak elkarlanean emateko Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalen arteko lankidetza-hitzarmena.

Buruntzaldea eskualdeko Udalon helburuetako bat da, besteak beste, udalerri horietan euskararen normalizaziorako zenbait egitasmo elkarren artean bideratzea. Eta, beraz, elkarlanerako administrazio-hitzarmen honen xedea, euskararen hizkuntza normalizazioaren aldeko egitasmoak bideratzeko, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalen arteko harremanak arautzea da.

Hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik, badira sei udalerrientzako lehentasunezkoak izan daitezkeen hainbat jarduera-esparru eta horietan jardungo da. Honako hauek dira jarduera-esparruak:

  1. Familia eta irakaskuntza (hizkuntzaren transmisioan edo ondorengoetaratzean eragiteko).
  2. Kirola (aparteko hitzarmena dugu «kirola euskaraz» egitasmoaren inguruan).
  3. Aisialdia, merkataritza eta udal barneko euskara planak (hizkuntzaren erabileran eragiteko).
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko.

Foru Aldundiak finantzatzen du etxez-etxe zerbitzuaren zati bat. Finantzaketa hori bideratzen duen hitzarmena 2024-12-31n amaitzen da. Hitzarmen berria prestatzen ari dira, baina bien bitartean oraingo hitzarmenaren ondorio ekonomikoak 9 hilabetez luzatzea proposatu da, eta Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du.

Etxez etxeko zerbitzuaren eskaria asko handitu da azken urteotan, eta gora egiten jarraitzen du. Zerbitzu horrekin, Udalak ahalegin berezia egin du, batetik, eskaera guztiei erantzuteko, eta, bestetik, langileen baldintzak hobetzeko, sektore hori oso feminizatua eta prekarioa baita. Horregatik guztiagatik, azken urteotan Udalak hazkunde ekonomiko handia hartu du bere gain, zerbitzua indartu eta modu duinean eskaini ahal izateko. Zerbitzu honen kontratu berria Arreta Zerbitzuak enpresari esleitu zitzaion 2024ko urrian. Lehiaketari begira, langileen lan-baldintzak hobetzeko eta lan-hitzarmen berria ziurtatzeko, Udalak % 17ko igoera ekonomikoa egin zuen.

Dirulaguntzen gaia ere jorratu zen osteguneko batzarretan

  • Lehen sektoreko proiektuak sustatzeko lehia bidezko dirulaguntzak ebatzi dira.

Udalak lehen sektoreko proiektuak sustatzeko dirulaguntzak ematen ditu. Dirulaguntzen deialdia ateratzen den bigarren urtea da hau. Guztira 9 eskatzaile izan dira, baina horietako bik ez dute dokumentazioa egoki aurkeztu eta baztertuak izan dira. Onartu egin dira gainerako 7 eskabideak. Kopuruari dagokienez, 6.000 eurotik 1.311,63 eurora bitartekoak izan dira onartutako laguntzak. Hainbat helburutako laguntzak eskatu dira, besteak beste, webgune baterako, idien pentsurako, negutegiak berritzeko, debrozadora erosteko, makinak erosteko (sagarraren ekoizpenerako, belarra mozteko)...

Iaz 4 eskabide onartu ziren; aurten, berriz, 7, kopuruak gora egin du. Onarpen handia izaten ari den dirulaguntzen deialdia da, eta martxan dagoen bigarren urte honetan balorazioa baikorra da.

  • Dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa puntualari hasierako onarpena eman zaio Dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan hainbat aldaketa egin dira, zehazki hiru artikuluetan. Alde batetik, aldaketak egin dira dirulaguntzak justifikatzeko epeei dagokienez; bestetik, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legearen baldintzak betetzea eskatzen zaie haurrekin eta nerabeekin harremana duten onuradunei; eta, azkenik, zuzenean NISAEren (euskal sektore publikoko administrazio eta erakunde guztientzako plataforma komuna) bidez egiazta daitezkeen datu mota batzuk gehitu dira.

Etxebizitzaren arloan hainbat gai garrantzitsuak jorratu dira

  • Astigarraga Hiri tentsionatua izendatzea.

Astigarraga Hiri Tentsionatua izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Eskaera hau egin ahal izateko herriko etxebizitzei buruzko diagnostikoa eta etxebizitza plana egin eta onartu dira. Eusko Jaurlaritzari honako erabaki hauek jasotzea eskatu zaio:

  1. Astigarragako herria, oro har, etxebizitzen merkatu tentsionatu deklaratzea. 
  2. Etxebizitzarako eskubideari buruzko legeak etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu deklaratutakoetan aplikatu beharreko neurriak eta administrazio-ahalmenak eremu horretarako esleitzea.
  3. “Ekintza plana bizitegi merkatuko tentsio eremuen izendapenarako” izeneko ekintza-plana onartzea, eta administrazio eskudunek hasierako 3 urteetan behar bezala gauzatzeko hartutako konpromisoak zehaztea.
  • Astigarragako herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia

Udalak dirulaguntza deialdi hau ateratzen duen lehen urtea da. Horretarako 30.000 euro aurreikusi ditu eta onuradunak 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrak izango dira. Helburua da adin tarte horretan dauden astigartarrei alokairuaren ordainketa erraztea, betiere beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten laguntzak jasotzeko eskubiderik ez badute.

Laguntzak eskatzeko, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko alokairu-gastuak aurkeztu ahal izango dira. Herriko alokairuko etxeen hileko batez bestekoa 878 eurokoa da, eta kopuru hori aintzat hartuta, hileko 850 euroko edo gutxiagoko alokairuak diruz lagunduko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzailearen errentaren arabera zehaztuko da, gehienez 300 euro hilean.

  • Etxebizitza turistikoen jarduerari buruzko idatzia bidaltzea etxejabeei

Astigarragan, Donostiarekin duen gertutasunagatik, gero eta interes handiagoa dago bizitegi-etxebizitzak erabilera turistikora bideratzeko. Udala berrikusten ari den Plan Orokorrean arautu eta mugatuko da etxebizitza turistikoen jarduera. Plan Orokor berria indarrean egon arte, jarduera hori beren komunitatean ez baimentzea erabaki dezakete etxejabeek. Herritarrek honen berri izan dezaten eta xehetasun guztiak ezagutu ditzaten, etxejabeei idatzi bat bidaliko die Udalak.

Kale Nagusia 70 helbideko sutea

Bestalde, plenoan alkateak abenduaren 9an Kale Nagusia 70 helbidean gertatu zen sutearen ondorioz hartutako erabaki eta neurrien berri eman zuen. Adierazi zuen sutearen ondorioz hainbat udal baliabide bideratu eta hainbat dekretu onartu dituela, larrialdi egoeretan ezohiko neurriak hartzeko alkateak duen eskumena baliatuz. Sutearen inguruko informazioa emateaz gain, adierazi zuen bost familia geratu direla beren etxebizitzan bizi ezinik eta, hasierako gauak egiteko pentsioetan lekua antolatzeaz gain, dagoeneko bost familia horiei bizitokia eman diela Udalak (lau familia etxebizitza tutelatuetan 3-4 hilabetez eta bosgarren familia larrialdiko etxebizitza batean 6-8 hilabetez).