Albisteak

Atzealdea Urteko azken Osoko Bilkuran 2020ko aurrekontuei behin- betiko onarpena eman zaie

Urteko azken Osoko Bilkuran hainbat gai landu ziren; urtea ongi amaitzeko 2020ko aurrekontuei behin-betiko onarpena eman zitzaion. Beste gai garrantzitsu batzuk ere jorratu zituzten; esaterako, 2020-2023 dirulaguntzen plan estrategikoa edota Kultur Etxeko obra berriaren deklarazioa.

2019·12·22


2020ko aurrekontuak

Udal aurrekontuei behin-betiko onarpena eman zitzaien EH Bildu gobernu taldearen aldeko botoekin, EAJ-PNVren kontrako botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. 9.291.408,11 euroko aurrekontua izango da 2020.urterako, 2019koarekin alderatuz %3,99 handiagoa.

Aurrekontu horrekin arlo ezberdinak jorratu eta indartu nahi ditu Udalak: Auzoetan eta landa eremuan hobekuntzak egin; kirol eta hezkuntza instalazioak egokitu; kultura eta euskara sustatu eta berdintasuna, enplegua, komertzioa, ingurumena eta lehen sektorea indartu.

PSE-EEren abstentzioa lortuta, Udal Gobernuak balorazio positiboa egiten du eta eskertu egiten du PSE-EEko ordezkariaren jarrera, hala ere, EH Bilduren udal gobernua lan hurrengo urteetan udalaren aurrekontuak udal talde guztien babesarekin onartzeko lanean jarraituko du.

2020-23 Dirulaguntzen plan estrategikoa

Hurrengo hiru urtetako dirulaguntzen plan estrategikoa behin-behinekoz onartu zuten Osoko Bilkuran.

Herriko 26 talderen artean urtero 494.908,68 euro banatzea aurreikusten du Udalak. Horrela, herriko turismoa, hezkuntza, ingurugiroa, gazteria, euskararen egoera, merkataritza, kirola, kultura, berdintasuna eta gizarte zerbitzuak bultzatu nahi ditu Udal gobernuak.

Lehia askeko dirulaguntzei dagokienez, 266.200 euro urtero ematea aurreikusten da. Dirulaguntza horien bidez herritarren euskararen ezagutza handitu eta areagotu, alokairu soziala bultzatu edota Astigarragan izan diren emakume esanguratsuen bizitzak ikertu eta plazaratzeko beka bat emango da, besteak beste.

Kultur Etxeko obra berriaren deklarazioa

Britac Proyectos. S.L. enpresarekin Kultur Etxe berriko eraikinaren obraren eskritura formalizatzea onartu zuten Osoko Bilkuran. Horrela, jabetza erregistroan inskribatu eta Astigarragako Udalaren ondasunen inbentarioan alta emango da.

Beste gaiak ere lotzen ari da Udala, barruko instalazio eta ekipamendua jartzeko lehiaketak aurki jarriko dira martxan; eta Kultur Etxeko izena urtarrilean aukeratuko da herritarrek bidalitako proposamenen artean.

Guztia amaituta eta inauguratzeko moduan ekaina inguruan egongo dela aurreikusten du Udal Gobernuak.

Tokiko Gobernu Batzordea

Osoko Bilkuraren ondoren Tokiko Gobernu Batzordea egin zuten, eta bertan ere nabarmentzeko gaiak aztertu eta onartu zituzten. Horien artean kontratuen esleipenak eta udaletxeko lan eskaintzak.

  • Emakumeon Plazaren berrurbanizazioaren lehenengo eta bigarren faseei dagozkien obren kontratua, lehiaketan puntu gehien lortu dituen Sasoi Eraikuntzak S.L enpresari esleitzea onartu zen, 702.604,45 euroren truke (BEZa sartu gabe )
  • Kiroldegiko aireztapen- eta girotze-sareak hobetzeko lanak gauzatzeko obrak eta klimatizazio-ekipoak bi enpresa ezberdinei esleitzea onartu zuten. Lehen lotea Tecman S.L enpresari esleitu zaio 30.568,21 euroren truke (BEZa sartu gabe). Bigarren lotea, aldiz, Climatizaciones Orio S.L enpresari esleitu zaio 28.598,00 euroren truke (BEZa sartu gabe)
  • Urteetako utzikeria ondoren, plaza hutsak bete eta Udaletxeko enpleguei egonkortasuna emateko asmoz, udal-lanpostuak betetzeko hainbat lan-eskaintzen deialdiak eta oinarri-arauak onartu ziren: Udaltzainen ofizialorde lanpostua, eta udaltzain agente lehenaren lanpostua, udaltzaingoaren bi agente lanpostu eta administrari lanpostua.