Albisteak

Urtebete bete da 2023-2027 agintaldia hasi zenetik, laurden bat. Une honetan, Legegintzaldiko Planaren betetze-maila % 33,64koa da

2023-2027 Legegintzaldi Planak jasotzen dituen proiektuen artean, lau Plan Estrategiko daude, herri-gogoeten bidez gauzatu direnak: berdintasuna, euskara, irisgarritasuna eta toki garapen jasangarria.

2024·06·19


Legegintzaldi Planak agintaldian zehar egitea aurreikusten diren proiektuak eta erronkak jasotzen ditu. Plana 6 ardatzetan banatzen da, eta ardatz horien arabera antolatzen dira proiektuak. Martxoan, Udal Gobernuak aurkezpen publiko bat eta erakusketa bat egin zituen, eta horietan, 23 proiektu esanguratsuenak aurkeztu zituen.

Planei dagokienez, 2023ko urrian, Udalak lau herri-gogoeta jarri zituen abian: berdintasuna, euskara, irisgarritasuna eta toki garapen jasangarria. Prozesuak martxora arte iraun du eta hortik Plan Estrategikoak egikaritu dira. Plan estrategikoak datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko tresnak dira, eta horietan zehazten dira ardatzak eta helburuak, baita aldi horretan gauzatuko diren lan-ildoak eta ekintza zehatzak ere.

Plan estrategikoak eta legegintzaldiko plana udal webgunean argitaratu dira, herritarren eskura. Legegintzaldiko Planarekin batera, proiektuen jarraipen-taula bat argitaratu da, proiektuen betetze-maila ezagutzeko, eta 6 hilean behin eguneratuko da.

2023-2027 Legegintzaldi Plana

Plana 6 ardatzetan banatzen da: aukera berdintasunak; zerbitzu, programazio eta ekipamenduak; garapen ekonomikoa; herri-ingurunea eta klima-krisialdia; herri bizi, aktibo eta kohesionatua eta udal antolamendua, baliabideak eta azpiegiturak. Atal bakoitzaren barruan proiektuak daude, eta egingo diren ekintzak eta gauzatzeko epea ere ikus daitezke.

Legegintzaldiaren laurden honetan, Planean jasotako proiektuen gauzatze-maila % 33,64koa da.

Orain, agintaldiko lehen urtean, emandako urrats nagusiak eta proiektu esanguratsuenen egoera honako hau da:

  • Ibai-parkea zabaldu berri da: handitzea, ariketa-eremua, jolasgunea eta ur-eremua.
  • Sagardo Plazako jolasgune berria egin da.
  • DBH: Hezkuntza Sailak ekainean aurkeztuko du oinarrizko proiektua, eta obra-lizentzia eskatuko dio Udalari. Udalak lehenbailehen emango dio obra-baimena, eta hori izango da Udalaren esku geratuko den azken urratsa. Ondoren, Hezkuntza Sailari dagokio lehiaketa egitea eta obrak gauzatzea.
  • Herri Eskolaren handitze-lanak bide onetik doaz, martxoan amaitzea aurreikusten da.
  • Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartu da anbulatorio berria Bidebitarten kokatzeko.
  • Erakunde arteko hitzarmen bat sinatu da Aldiriko Trenaren geltokia eta pasabidea egiteko, eta Udalean dagoen informazioaren arabera, obrak 2025eko lehen seihilekoan hasiko dira.
  • Apeztegiko igogailuaren obrak bide onetik doaz, aurreikuspenen arabera, 2025erako martxan egongo da igogailua. Herriko zentroak kuota altuan dauden zerbitzuekin lotura irisgarria izango du.
  • Arrobitxuloko urbanizazioa amaitzear da, eta oinezkoentzako gune seguruagoa eta erosoagoa izango da.
  • Brigadaren lokalerako lan-eremu berria eraiki da, tresneria eta ibilgailuak gorde eta bertan lan egiteko.
  • 2024-2026 Plan Estrategikoa onartu da, eta 970.055,52 euro bideratu dira dirulaguntzetara (lehia askea eta izendunak).
  • Tunel morea eraiki da, Emakumeon Etxea eta Emakumeen plaza lotzen dituen ardatza.
  • Zirrara, sexu aholkularitza zerbitzua eta emakumeentzako aholkularitza juridikoko zerbitzuak martxan daude, doakoak dira.
  • Kereilak jarri dira Gerra Zibileko eta Frankismoko genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik.
  • Enpresek, elkarteek eta herritarrek Plan Orokorrari egindako 39 ekarpenak aztertu ondoren, helburuak eta irizpideak zehaztu eta onartu dira.
  • Mugikortasunari dagokionez, aurrerapausoak eman dira hainbat eremutan. Alde batetik, Udalak Foru Aldundiari autobus-zerbitzuari buruzko proposamen bat egin dio; bestetik, taxiaren erregimen bereziko eremua sortzeko bidean da; eta, azkenik, Donostiako Udalarekin Dbizi sistema herrian ezartzeko bideragarritasuna aztertzen ari da.

Ikusi Plana

Ikusi Planaren jarraipen-taula (betetze-maila)

Plan Estrategikoak

Astigarragako Euskararen Plan Estrategikoa 2024-2029

Euskara Plana udaleko ordezkari tekniko eta politikoekin, hainbat diziplina eta arlotako tokiko eragileekin eta parte hartu nahi izan duten herritar guztiekin elkarlanean egin da. AHIZEko aholkulariak arduratu dira prozesua dinamizatzeaz eta hortik eratorritako lan-plana garatzeaz, betiere Astigarragako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin koordinatuta.

Astigarragan euskararen ezagutzak gora egin du, baina ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea handitzen ari da. Datozen urteak oparoak izan daitezen, erabilera hobetu behar da. Udalerrian euskararen ezagutza maila altua da, eta horri esker erabilera datuak hobetu ditzakegu sustapen eta olatu lan on baten bidez. Eta indarrak horretara bideratzen ditu plan-proposamenak.

Planak 100 lan-ekimen zehatz biltzen ditu guztira.

Ikusi Plana

Astigarragako emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana 2024-2030

Plan hau bi fasetan egin da, tokiko eragileekin eta herritarrekin batera eta Elhuyarren zuzendaritzapean: lehenengo fasean berdintasunaren alorreko erronkak identifikatu eta lehenetsi dira, eta bigarren fasean 2024ko lehen hiruhilekoan lortzeko helburuak eta ekintza-plana adostu dira.

Plan hau udalerriko IV. Plana izango da eta berrikuntzetako bat aldia da; aurreko hiru planek 4 urteko aldia izan zuten eta hau 7 urtekoa izango da, EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako estrategiari jarraituz. Planak 4 lan-ardatz ditu: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, berdintasunezko gizarte iraunkorra eta indarkeria matxistarik gabeko herria; eta 97 ekintza zehatz.

Ikusi Plana

Astigarragako Irisgarritasun Plana 2024-2027

2017an, Astigarragako Irisgarritasun Plana onartu zen. Plan horrek irisgarritasunaren arloko lege-betekizunen diagnostiko bat jasotzen zuen, Plan hori abiapuntutzat hartuta, baina herritarren beharrak bereziki entzunda, Plan berria partaidetza-prozesu baten bidez diseinatu da, Projekta Urbes enpresak gidatuta.

Udalak dagoeneko abian ditu legegintzaldi honetarako aurreikusitako irisgarritasuna hobetzeko hainbat proiektu. Plan honen helburua herritarren beharrak entzutea eta identifikatzea, lehentasunak zehaztea eta ekintza-plan batera ekartzea da. Plana legegintzaldiko epearekin bat dator, eta 2024tik 2027ra bitarteko iraupena izango du. Urtean 90.000 eta 100.000 euro artean inbertitzea aurreikusten da irisgarritasunean, hiru ekintza motatarako: espazio publikoa, eraikin publikoak eta udal-zerbitzuak, are irisgarriagoak izan daitezen.

Ikusi Plana

Toki Garapen Jasangarriko Plana 2024-2030

Plana egiteko, Udaleko ordezkari politikoen, teknikarien eta ingurumenaren arlo ekonomiko eta sozialeko hainbat eragile eta herritarren ekarpenak bildu dira, galdesorten, lan-saioen eta sakontzeko elkarrizketen bidez.

Udalerriaren garapen ekonomikoari dagokionez, batetik, herriko industriaguneen, enpresen, langabetuen eta ekintzaileen beharrak ezagutu nahi dira, eta, bestetik, behar horiek asetzera bideratutako laguntzak eta bide-zerbitzuak eskaini. Gainera, herriko industriaguneko enpresekiko harremanetan sakondu nahi da. Bestalde, tokiko eragileekin batera, ekimenak diseinatuko dira hiriguneko tokiko merkataritzaren beherakadari aurre egiteko eta merkataritza-gune bizi eta aktibo bihurtzeko. Lehen sektoreari eta landa-munduari dagokienez, haien iraupena, profesionalizazioa eta jarraitutasuna sustatzeko lanean jarraituko da, sektoreko eragileekin lankidetzan. Azkenik, eskualdeko turismo-plana garatuko da eta turismo eskaintzaren desestazionalizazioan lanean jarraituko da.

Ikusi Plana