Albisteak
Atzealdea Urtarrileko Osoko Bilkuran onartutako gaien laburpena
2021·01·28
Garapen sozioekonomikorako hitzarmena luzatzea
2017ko urtarrilaren 27an, Beterri Buruntza eskualdeko udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), toki-garapenaren, ekonomia sustapenaren eta enpleguaren arloko lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Lankidetza-hitzarmen horren indarraldian bukatzear dagoenez, 4 urtez luzatzea eta aldatzea erabaki dugu.
Hitzarmen horrekin bide oparoa egin dugu sei herriok garapen sozioekonomikoaren arloan, enplegua, ekintzailetasuna, enpresen lehiakortasuna eta lurralde garapena sustatzeko 30 programatik gora garatu eta harreman-sare aberatsa eraikiz, pertsona, ekintzaile, enpresa, hezkuntza zentro eta bestelako eragileekin. Bide horretan sei herriok eskerrak eman beharrean gaude, batetik, Andoaingo Udalari, hitzarmenaren kudeaketaren zama handiena bere gain hartu duelako eta, bestetik, programa horietan lan egin duten pertsonei, ahalegin itzela eta maila handiko lan teknikoa egin dutelako.
Beterri-Buruntzako Mankomunitatea sortzeko bidean gauden honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu hitzarmena luzatzea, amaitu gabe dauden programak amaitzen joateko eta mankomunitatea sortu eta operatiboa izan bitartean herritarren beharrei erantzuteko funtsezkoak izan daitezkeen programa berrien dirulaguntzak eskatzeko.
Hitzarmenaren baitan sortu dugun lan dinamikari eustea eta areagotzea inoiz baino beharrezkoagoa da gaur, pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioei modu proaktiboan erantzuteko. Horrek du erabateko lehentasuna. Hori da gure helburu nagusia eta betebeharra eta hori lortzeko behar diren tresnak (hitzarmena luzatu, mankomunitatea sortu…) eta baliabideak jarri behar ditugu.
Hitzarmena luzatzea behin-behineko irtenbidea da, helburua lehenbailehen Mankomunitatea sortu eta behar dituen balibideez hornitzea delako. Mankomunitatea behar dugu, eskualde izaera indartzeko eta eskualde gisa pertsonen eta gure eskuaaldearen garapen sozioekonomikoa sustatzeko. Herritarren erreferentzia izango den lankidetza esparrua izan behar du, bai eta beste erakundeen aurrean gure eskualdea ordezkatuko duen solaskidea ere.
Haurreskola berria
Astigarragako Udalak haurreskola berria egiteko proiektua onartu, obra egiteko lehiaketaren baldintzak onartu eta lehiaketa martxan jartzea erabaki du.
Proiektua idatzi du Torre Elorduy SLP enpresak. Proiektuaren lanketan parte hartu dute udaleko hainbat sailek eta haurreskolako hezitzaileek.
Haurreskola berrian 0-1 urteko haurrentzako 4 gela aurreikusi dira eta 1-2 urteko haurrentzako beste 4 gela. Horrez gain, proiektuak aurreikusi ditu hezitzaileentzako gela, bulegoa, komunak, erabilera anitzeko gela handi bat…
Obrak egiteko lizitazio prezioa, geheinez ere, 1.396.815,25 eurokoa izango da eta obrak egiteko epea 8 hilabetekoa.
Udal langileen lansariak igotzea
Udalak erabaki du udal langileen ordainsariak igotzea. Igoera %0,9koa izango da, Eudelek egindako proposamenarekin bat eginez. Igoera hori EAEko 2020ko KPIaren igoeraren ia parekoa da (2020ko KPIa %0,73koa izan zen).
Udal eraikinak garbitzeko zerbitzuaren lehiaketa
Udal eraikinak garbitzeko zerbitzua kontratatzeko lehiaketa izapidetu du udalak azken hilabeteotan. Atzoko osoko Bilkuran, kontratu hori esleitu zuen udalak.
Bi lote zituen kontratuak: alde batetik, eraikinen garbiketa eta, bestetik, leihoen garbiketa.
Lehendabizikoa esleitu zaio GIZATZEN SA eta OHL SERVICIOS INGESAN SAk osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari, urteko 226.468,15 euroko prezioan (BEZa sartu gabe). Bigarren lotea, berriz, esleitu zaio GARBIALDI SA enpresari, 9.972,40 euroko prezioan (BEZ barne hartu gabe).