Albisteak
Atzealdea Urriko Tokiko Gobernu Batzordea eta Osoko Bilkura ospatu zituen atzo, Astigarragako Udalak
2020·10·28
Hona hemen urriaren 27an Tokiko Gobernu Batzarrak eta Osoko Bilkurak hartutako erabaki esanguratsuenak:
Covid-19ari aurre egiteko laguntzak
Bi dirulaguntza deialdi onartu ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, Covid-19ari aurre egiteko, merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat:
- Dirulaguntzak merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat, Covid-19aren ondorioz egin dituzten inbertsioak diruz laguntzeko, beharrezkoak diren segurtasun eta babes neurriak bermatu ahal izateko.
- Deialdiaren kredituak: 24.435,00€
- Foru Aldundiak finantzatutako deialdia da
- Covid-19ari aurre egiteko honelako inbertsioak lagunduko dira:
- Lokalak eta lan egiteko moduak egokitzea.
- Merkataritza eta ostalaritza lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, hartara segurtasun eta osasun protokoloen irizpideak betetzeko.
- Bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua.
- Deialdia laster argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
2. Merkataritza eta ostalaritzako deskontu bonuen 2. edizioan parte hartzeko dirulaguntzak.
- Deialdiaren helburua da bertako ostalaritza eta merkataritza establezimenduen kontsumoa sustatzea
- Deskontu bonuen %30 lagunduko du udalak
- Parte hartu ahal izango dute Astigarragako establezimendu guztiek
- Deialdiaren kredituak: 30.000,00€
- Azaroa eta abenduan burutuko da
2021eko zerga fiskalak: hasierako onarpena
2021eko ordenantza fiskalei hasierako onarpena eman die Osoko Bilkurak. Pandemiak eragindako egoera ikusita, 2021eko ordenantza fiskalean ez da igoerarik proposatu.
Era berean, ostalaritza sektorearen egoera kontuan hartuta, terrazak jartzeko tasan %100eko hobaria aplikatuko da. Horrez gain, salmenta postu ibiltarien kasuan, %90eko hobaria izango da, pertsona fisikoen kasuan, Astigarragan erroldatuta egonez gero edo, pertsona juridikoen kasuan, egoitza Astigarragan badu.
Hasierako onarpena emanda, ordenantza fiskalen proposamena jendaurrean jarriko da, 30 egunez, alegazioak aurkezteko.
ASILO-ESCUELA JESÚS NAZARENO CRISTO REY fundazioa
Kontxa Etxeberria Fundazioaren Patronatuak, urriaren 16an egin zuen bileran erabaki zuen fundazioa desegitea eta bere ondasunak Astigarragako Udalari lagatzea, hainbat baldintza jarriz. Era berean, Osoko Bilkurak, urriaren 27ko bilkuran, erabaki du doaintza onartzea eta baldintza horiek onartzea.
Ergobia inguruan Urumea ibaiaren uholdeen aurkako hiri-drainatze sistema eraikitzeko proiektua
Uholdeen aurkako arriskua gutxitzeko Ergobia inguruan egin beharko liratekeen obren proiektua idatzi du udalak azken hilbeteotan. Obra horiek ez dira epe laburrean egingo, izan ere, batetik, horretarako Urumea ibaian egin behar diren lanen 3. fasea burutu behar da aurretik (une honetan 2. faseko lanak egiten ari dira Martutenen). Dena dela, udalak, lanak aurreratzeko, proiektua idatzi eta onartu du.
Mozioak eta adierazpen instituzionalak
Osoko Bilkurak, urriaren 27ko bilkuran, batetik, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du aho batez.
Bestetik, Osoko Bilkurak Egiari Zor Fundazioak aurkeztutako mozioa onartu du aho batez, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko eta biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko.
Kirol arloko eta berdintasun arloko dirulaguntzak
Tokiko Gobernu Batzarrak, bestalde, kirol arloko eta berdintasun arloko jarduerak diruz laguntzeko bigarren deialdiak onartu ditu, lehendabizikoetan horretarako gordetako kreditua agortu ez zirelako. Beraz, arlo horietan aritzen diren herri elkarteek aukera dute bigarren deialdi hauetara aurkezteko.
Deialdi berriak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.