Albisteak
Atzealdea Bilera irekia: Autobus zerbitzuaren egoera
2020·10·18
Herritarren aldetik hainbat eta hainbat kexa jaso ditu udalak aurreko hilabeteotan. Udalak nahiz herritarrek kexa horiek Lurraldebusera eta Foru Aldundira sarritan bideratu dituzte, baina egoera ez da hobetu. Hori ikusita, joan den otsailean Udalak Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Departamentuari bilera bat egiteko hitzordua eskatu zion. Martxorako zehaztu zen hitzordua bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz. Bilera hori irailaren 17an egin zen.
Herritarren kexak etengabeak dira bus zerbitzuaren iguruan: lekurik ez, aurreko geltokietara joatea, busen egoera txarra eta abar. Lanera eta ikastera joateko orduetan gorabehera ugari gertatzen dira eta herritarren ezinegona handia da.
Bus zerbitzua, Foru Aldundia eta emakida berria
Astigarragako A1 eta A2 bus zerbitzuen lineak Buruntzaldeko bus zerbitzuen barruan kokatzen dira. Linea horien kudeaketa eta ardura Foru Aldundiaren eskumena da eta zerbitzua eskaintzen duen enpresa lehiaketa bidez hautatzen da. Une honetan indarrean dagoen kontratua (emakida) duela 30 urtekoa da. Foru Aldundia duela bospasei urte Buruntzaldeko kontratua berritzeko lehiaketa egiten hasi zen. Emakida hori joan den uztailean esleitu zuen Foru Aldundiak. Horren ondotik, esleipenaren aurka erekurtso bat aurkeztu dute eta errekurtso hori ebazteko zain dago Foru Aldundia, emakida edo kontratu berria sinatu ahal izateko.
Udalaren eskaerak Foru Aldundiari
Foru Aldundiarekin izandako bileran ondoko azalpenak eman zituen udalak eta eskaera hauek egin zituen:
Udalaren azalpena:
- Kexa zerbitzua txarra delako, busen egoera tamalgarria, autobusak ordu batzuetan geratu ez, jendea geltokietan...
- Astigarraga 7.160 biztanleko herria da eta 2025ean 8.000 biztanle inguru izango gara. Tamaina horretako herri batentzat gaur egungo zerbitzua ez da nahikoa.
- Garraio publiko bakarra du Astigarragak.
- Kontzesio berriarekin murrizketak aurreikusi ziren Astigarragako zerbitzuetan.
Udalaren eskaerak
- Errefortzuko zerbitzuak ziurtatzea eta behar diren errefortzu guztiak jartzea.
- Kontzesio berriak murrizketarik ez aplikatzea eta zerbitzuak indartzea.
- Autobusen egoera txarra konpontzea.
- A3 linearekin beste proba bat egitea.
- Beste aukera batzuk aztertzea:
- Andoain-Urnieta-Hernani-Ospitalak linean Astigarraga sartzea
- Donostiako Martuteneko lineak Astigarragara luzatzea
Foru Aldundiaren erantzunak
Hona hemen Foru Aldundiak emandako erantzunak:
- Herritarrek nahiz udalak aurkeztu dituzten kexa eta erreklamazioak jaso dituzte eta erregistratuta dauzkate.
- Abuztua amaieran eta irailaren 15ean Martindegiko 7:10eko errefortzuko zerbitzua ez zen pasa eta horrek eragin zuen geltokian jendea geratzea. Errefortzuko zerbitzu horiek ez emateagatik Foru Aldundiak enpresari isunak jarri dizkio. Errefortzuko busek kale egin dute matxuratuta zeudelako. Egoera hori konponbidean da, baina baliteke beste egunen batean ere gertatzea.
- Autobusak beteta: pandemiaren eraginez, autobusetan aforo osoaren %80 erabiltzen ari dira. Une honetan, Foru Aldundiak erregistratuta dituen erabiltzaileen datuen arabera, %80ko horren %80-90 inguruan dabiltza gehien betetzen diren zerbitzu eta turnoetan. Jendea geltokian geratu da errefortzuko zerbitzuek kale egin duenean, bestela ez.
- Kontzesio berria:
- Buruntzaldeko kontzesio berriaren esleipena uztailaren 28an egin zuen Diputatuen Kontseiluak. Lizitatzaile batek errekurtsoa aurkeztu dio erabaki horri. Espero dute errekurtsoa lehenbailehen ebaztea eta kontratua lehenbailehen sinatzea.
- Kontzesio berriarekin A1 eta A2 lineek eta errefortzuko zerbitzuek orain bezala jarraituko dute eta ez dira murriztuko (hiru aldiz galdetu zuen Astigarragako alkateak eta behin eta berriz berretsi zuten).
- Autobusen egoera txarra: kontzesio berriarekin Buruntzaldearako hainbat autobus berri (hibridoak) erosi behar ditu kontratua irabazten duenak, baina kontratua sinatzen denetik 6-8 hilabete inguruko epea du autobus berriak zerbitzuan jartzeko. Beraz, urtebete barru arte ez da autobus berririk jarriko.
- Beste aukera batzuk:
- A3: bere garaian proba egin zen; oso erabiltzaile gutxi izan zituen eta kendu egin zuten. Foru Aldundiak ez du asmorik berriz probatzeko.
- Andoain-Urnieta-Hernani-Ospitalak linean Astigarraga sartzea ez dute aurreikusten. Linea hori sortu zen ospitaleetako langileentzat eta Astigarraga sartuz gero ordutegiek ez dute ematen.
- Martutenera iristen diren dBuseko lineak Donostiako Udalaren eskumena dira eta ez dute aukerarik ikusten hori bideratzeko.
Udalaren gogoeta bileraren ondoren
Bilera horren eta herritarrekin urriaren 5ean egindako bileraren ondotik, Astigarragako udal gobernuaren iritziz bi errealitate kontrajarri daude aurrez aurre: batetik, Foru Aldundiak ikusten duen errealitatea (dauden zerbitzuekin eta errefortzuekin Astigarragako beharrak osatuta daude). Beste alde batetik, Astigarragako herritarrek eta udalak ikusten dugun errealitatea. Litekeena da une honetan dagoen aforo muga soilik batzuetan gainditzea, baina kontuan hartu behar da herritarrek zerbitzu txarrari (lanera edo ikastera joateko konfiantzarik eta ziurtasunik ematen ez dien zerbitzuari) erantzunez hainbat erabaki hartu dituztela: batzuk erabaki dute busa bi edo hiru geltoki aurrerago hartzea, beste batzuk erabaki dute hartu behar dutena baino lehenagoko ordutegi bateko busa hartzea, familia batzuk erabaki dute seme-alabak Donostiara institutura autoz eramatea… Gure ustez garbi dago zerbitzuaren eskaintzak ez dituela asetzen astigartarren premiak.
Udalaren ustez, beharrezkoa da bizi dugun errealitatea erakustea eta agerian jartzea. Ikuspegi horretatik, herritarrei dei egiten diegu bus zerbitzuan gertatzen zaizkien gorabehera guztiak (kexak, erreklamazioak) Lurraldebusi eta Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Departamentuari jakinarazteko: garrantzitsua da erakustea eta jakinaraztea busen mantentze egoera kaskarra, goizero gertatzen zaiguna (bi edo hiru geltoki aurrerago joaten garela, autoa erabiltzea erabaki dugula, geltokian geratzen garela…).
Udalak bere aldetik, jasotzen dituen edo ikusten dituen gorabeherak bideratuko dizkie Lurraldebusi eta Foru Aldundiari. Herritarrek, nahi izanez gero, Udalari bidal diezazkiokete kexa eta erreklamazioak, guk Lurraldebusi helarazteko (udala@astigarraga.eus).
Erreklamazioak zuzenean aurkezteko hona hemen helbide eta telefonoak:
- Lurraldebus
- Telefonoa: 900 300 340
- Helbide elektronikoa: lurraldebus@lurraldebus.eus
- Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Departamentua
- Telefonoa: 943 112 321
- Helbide elektronikoa: vochoa@gipuzkoa.eus