Albisteak
Atzealdea

Urriaren 27an hasiko da herritarrak Astigarragako Plan Orokor berriaren diagnostikoan parte hartzeko fasea

Plan Orokorra udalerrirako plangintza-tresna oso garrantzitsua da. Lurraldea modu integralean antolatzeko balio duen hirigintza-araudia da eta, horren bidez, lurzoruaren erabilera ezberdinak definitzen dira, baita hurrengo urteetarako udalerrirako ekipamendu-sistema ere.

2021·10·15


Abian izango da urriaren 27an herritarrak Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren diagnostikoan parte hartzeko fasea. Aurtengo martxoaz geroztik, dokumentazioa aztertzeko eta materialak sortzeko lan teknikoak egin dira, hasierako egoeraren diagnostikoa egiteko. Orain, herritarren txanda da, diagnostikoari ekarpenak egiteko unea.

Horretarako, Astigarragako herritar guztiei irekitako lan-tailerra egingo da urriaren 27an, 18:30ean Erribera Kulturgunean. Horrekin batera, Plangintzako Aholku Batzordearekin saio berezi bat egingo da, egun berean (urriaren 27an) 17:30ean, Erribera Kulturgunean.

Aholku Batzordea udalerriko ordezkari eta eragileek osatzen dute eta plan orokorra berrikusteko prozesuan zehar eginkizun garrantzitsua du. Hurrengo egunetan, berriz, kalean informazio-karpa bat jarriko dugu. Urriaren 28an, ostegunean, Joseba Barandiaran Plazan, eta urriaren 29an, ostiralean, Kontxa Etxebarria Plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Karpa hauetara Astigarragako bizilagun guztiak gertura daitezke, udalerriaren definizioan eta orain hasiko den bidearen diseinuan parte hartzeko.

Logoa eta webgunea

Plan orokorra berrikusteko prozesua luzea izango da eta, hortaz, Udalak beharrezko ikusi du irudi/logoa lantzea eta webgune bat sortzea. Logoak esku bat edo zuhaitza eta koloretako hostoak ditu, aniztasuna irudikatzeko, gure esku dagoela irudikatzeko. Izan ere, gure bidea egin behar dugu, elkarrekin, plan orokorra berrikusi eta datozen 10-15 urteetan Astigarragak izango duen bilakaera aztertu eta erabakitzeko.

Galdera garrantzitsuak dira: nola hazi nahi dugu? Etxebizitza asko egin behar dira? Ekipamendu publikoak, berdeguneak non, nola? Landa eremuan lehen sektoreko jarduerak non? Auzoek nola hazi behar dute? Bide horretan ezinbestekoa da herritarron partaidetza, gure herriaren bidea marraztu behar dugulako.

Bestetik, Udalak webgunea sortu du plan orokorra berrikusteko prozesuaren informazio guztia bildu eta eskura jartzeko. Dagoeneko eskura duzu interneten:

gurebidea.astigarraga.eus

Parte hartze prozesu orotan ezinbesteko dira informazioa eta komunikazio kanalak. Hori bermatzea du helburu webguneak. Plan orokorra berrikusteko prozesuaren inguruko albisteak daude bertan, baita agendako hitzorduak ere. Fase bakoitza zertan datzan azaltzeko atal bat ere badu, dokumentuen atal batekin batera. Une honetan adibidez, diagnostikoa osatzen duten dokumentuak eskura jarri ditugu.

Astigarragako Udalak apustu sendoa egiten du herritarrak udal-prozesuetan parte hartu eta inplikatzearen alde, haien ikuspuntua kontuan hartuz. Plan Orokorra ez da salbuespena eta, zalantzarik gabe, Astigarragaren etorkizuna definitzeko funtsezko tresnatariko bat izango da, beraz, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da haren garapenean.