Albisteak
Atzealdea

Urriaren 20tik aurrera Astigarragako establezimenduetan kontsumitzeko deskontu-bonuak eskuragarri

1
Urriaren 6an gazteentzako deskontu-bonuak jarri ziren salgai eta urriaren 20tik aurrera herritar guztientzako deskontu-bonuak jarriko dira. Deskontu-bonu orokorrek % 20ko deskontua izango dute eta 2024ko otsailaren 29ra arte erabili ahal izango dira.

2023·10·19


Urriaren 20an 8:00etatik aurrera Astigarragako deskontu-bonuen seigarren kanpainaren bigarren zatia jarriko da martxan. Kanpainari hasiera urriaren 6an eman zitzaion herriko gazteei zuzendutako deskontu-bonuen salmentarekin, eta urriaren 20an, herritar guztiei zuzendutako deskontu-bonu orokorrekin emango zaio jarraipena.

Kanpaina honen bidez, Astigarragako herritarrak herrian bertan kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi dira, besteak beste herriko merkataritza eta ostalaritzan kontsumitzeak herriaren ekonomian, herriko enpleguaren sorkuntzan zein herri bizitzaren dinamizazioan duen eraginagatik. Horrez gain, herrian kontsumitzen duten herritarrak saritu nahi dira beraien erosketetan deskontuak eskainiz. Deskontu-bonu horiek % 20ko deskontua izango dute (herritarrak % 80 ordainduko du) eta seigarren edizio honetan herriko 31 establezimendutan erabili ahal izango dira deskontu-bonuak.

Bonuen erosketa Astiko elkartearen web-orriaren bidez izango da eta azaroaren 30era arte izango da erosteko aukera (beti ere deskontu-bonuak agortuko ez balira). Bonuak 2024ko otsailaren 29ra arte erabili ahal izango dira.

Lau bonu-mota egongo dira aukeran: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Ondorengoak dira kanpaina honetan parte hartuko duten Astigarragako establezimenduak: 115 Sagar Ore Ama, Amalei Estetika Zentroa, Ane Optika, Arantxa ileapaindegia, Astarbe Sagardotegia, Astigarraga Hortz Klinika, Astigarraga Tattoo, Beti Goxo, Biokcom, Bizipoz, Bukoi Taberna, Edertu estetika zentroa, Ekaitz Taberna, Ezpela Naturdenda, Farmacia Aguado, Frutería Zubitxo, Gartziategi Sagardotegia, Gaurkotek, Gnomos, Habian Interiorismo, Ibailur jatetxea, Kaizoku Taberna, Kixkur ileapaindegia, Kos Fisioterapia eta Akupuntura, Kriz Auzmendi ileapaindegia, Mon paperdenda, Pastain irudi zerbitzuak, Triton moto arropa denda, Ura Fisioterapia, Yoss ileapaindegia eta Zipotza Kultur Elkartea.

Gazteentzako bonuak

Oraindik badago aukera urriaren 6an salgai jarri ziren gazteentzako deskontu-bonuak ere eskuratzeko. Gazteen deskontu-bonu horiek % 30eko deskontua dute eta herriko 16 eta 29 urte arteko herritarrek erosi ahal dituzte Astiko elkartearen web-orriaren bidez.

1