Albisteak

Atzealdea UEMAren Berripapera, 2024ko urtekaria.

Gaur hasiko da banaketa eta, beraz, datozen egunetan urtekaria Astigarragako etxe guztietara iritsiko da. Guztira 3.300 ale banatuko dira.

2024·12·16


UEMAko kide diren herrietan egun hauetan ari dira banatzen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abenduan urtekari modura argitaratzen duen argitalpena. UEMAko kide diren udaletako etxe guztietara banatzen da Berripapera, horien artean, Astigarragako etxeetara. Guztira 3.300 ale banatuko dira Astigarragan.

UEMAren webgunean, UEMAren sare bideetan eta UEMAren Telegram kanalean mankomunitatearen jarduna jarraitzeko modua baldin badago ere, oraindik herritarren zati handi batengana heltzeko ezinbestekoa da informazioa paperean argitaratzea eta etxeraino banatzea. Helburu horrekin sortu zen UEMAren Berripapera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ildo eta ekimen nabarmenenak zabaltzeko.

2024ko abenduko zenbaki honetan, urtean zehar UEMAk egindakoen nondik norakoak islatzen dira: Udalerri Euskaldunen Eguna Lesakan, sei udal berri UEMAren lurgunera, euskararen egoera ulertzeko diagnostiko berri baterako datuak, Iñaki Iurrebasoren iritzia eta analisia, euskarak bizi duen larrialdi linguistikoa, arnasguneen eta udalerri euskaldunen garrantzia hezkuntzan ere hedatzeko proiektua, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk eta EiTBk sinatutako hitzarmena, Arnasetik bideo-sormen lehiaketa, euskara eta kulturartekotasuna, gazteentzako Salto! udalekuek aurten eman dutena, edota zerbitzu sektorean euskarak dagokion lekua izan dezan egindako kanpainak, beste askoren artean.

Hemen irakur daiteke, osorik.

UEMAren Berripaperaren azken urteotako zenbaki guztiak, berriz, hemen daude eskura.