Albisteak
2023·01·17
Onartutako 46 eskaeretatik, gehienek (28 eskaerek) % 90eko hobaria jaso dute. 9 eskabidek % 75eko hobaria lortu dute eta beste 9k % 50ekoa. Beste 10 eskaera aztertzen ari dira, eskatzaileei dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu baitzitzaien, eta urtarrilaren 17ra arte dute epea.
Aurreko urtearekin alderatuta, ia hirukoiztu egin da jasotako eskaeren kopurua, 39 izatetik 90 izatera igaro baitira. Iaz 31 eskaera onartu ziren eta aurten 46 ( beste 10 azterketa-fasean daude).
Hobariak
Udalak martxan jarri zituen hobari hauek baliabide ekonomiko urriak dituzten eta udal tasa eta zerbitzuen ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburuarekin. Hau da, behar gehien duten herritarrei udal-zerbitzu eta -tasetan onura ekonomikoak aplikatzeko.
Hiru motako hobariak aplikatu daitezke: % 90ekoa (onuradunak % 10 baino ez luke ordainduko), % 75ekoa (onudadunak % 25 bakarrik ordainduko luke) edo % 50ekoa (onuradunak erdia bakarrik ordainduko luke). Familia-unitatea osatzen duten kide kopurua eta diru-sarrerak kontuan hartuta aplikatzen dira ehunekoak.
Hobariak tasa hauei aplikatzen zaizkie: ura, zabor bilketa, hilerri zerbitzua, gaztelekuko jarduerak eta kultur etxeko ikastaroak. Hobaridun izaera aitortzen zaionari, aipatutako udal tasa eta zerbitzu horietan guztietan aplikatzen zaio hobaria.
Eskaerak aurkezteko epea urte osoan zehar zabalik dago.
Babes soziala indartzen
Udalak izapidetzen eta/edo ematen dituen beste dirulaguntza batzuk bezala (gizarte larrialdietarako laguntzak, gutxieneko errenta, familientzako laguntzak...), hobarien helburua zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen eta familien babes soziala handitzea da. Era berean, Udalak ahalegin handia egin du 2023ko aurrekontuetan gizarte saila indartzeko, gizarte-zerbitzuak % 29an handitu baititu aurrekontu orokorra % 7 hazi denean.