Albisteak

Atzealdea Udalaren eta udaltaldeen funtzionamendua arautzeko Osoko Bilkura egin zuen atzo Astigarragako Udalak

Batzorde informatiboak, Tokiko Gobernu Batzarra eta Bozeramaileen Batzordea eratu ziren, besteak beste. Alkateak egun osoko lanaldia izango du, EH Bilduko 3 zinegotzik lanaldi erdia eta EAJko kide batek %40ko lanaldi murriztua.

2023·07·05


Atzo egindako Osoko Bilkuran hainbat erabaki hartu ziren agintaldi honetan udalak izango duen funtzionamenduari buruz. Batzorde informatiboak, Tokiko Gobernu Batzarra eta Bozeramaileen Batzordea eratu ziren, eta bertako kideen zein udalak beste erakundeetan izango dituen ordezkarien izendapenei oniritzia eman zitzaien, besteak beste. Osoko Bilkuraren ohiko bilerak, aurreko agintaldian bezala, hileko azken asteartean egingo dira, 19:00etan.

Bozeramaileen Batzordea

Bozeramaileen batzordea atzo eratu zen Osoko Bilkuran, eta Xabier Urdangarin izango da lehendakaria; bokalak Ainara Vazquez (ordezkoa Naroa del Orden), Maria Otaegi (ordezkoa Manex Aldalur) eta Patxi Suarez izango dira. Batzorde horretara eramango dira, ohi bezala, udal-talde guztien kontsulta behar duten gaiak.

Batzorde informatiboak

Atzoko Osoko Bilkuran 13 batzorde informatibo eratu ziren. Aurreko legealdiarekin alderatuta bi aldaketa nagusi egin dira; bata, Herri segurtasuna eta Trafikoa izeneko batzordea sortzea, eta bestea, Berdintasuna, Elkarbizitza eta Partaidetza batzordea bitan banatzea. Alde batetik, Berdintasuna eta Elkarbizitza egongo da, eta bestetik, Partaidetza.

Batzorde Informatibo bakoitza 5 kidek osatuko dute, 3 EH Bildu alderdikoak, 1 EAJPNV alderdikoa eta beste 1 Udal talde Sozialista taldekoa.

Ikusi Batzorde informatiboen banaketa

Beste erakundeetako ordezkariak

Astigarragako Udalak kide gisa parte hartzen du hainbat erakundetan. Horietan guztietan egongo diren ordezkariak ere atzoko Osoko Bilkuran erabaki ziren, hauek dira: Añarbeko Mankomunitatean eta Behemendin Aitor Güemes egongo da; Beterri Buruntza Mankomunitateko Batzar Orokorrean zein kudeaketa batzordean Xabier Urdangarin eta Ainara Vazquez egongo dira eta Gobernu Batzordean, Xabier Urdangarin; San Markos Mankomunitatean Aitor Güemes eta Xabier Urdangarin egongo dira; Uema Mankomunitatean Xabier Urdangarin, Ainara Vazquez, Andoni Gartzia eta Maria Otaegi egongo dira; Astigarraga Lantzenen Xabier Urdanagarin lehendakaria, Andoni Gartzia idazkaria, Esti Neira, Maria Otaegi eta Patxi Suarez egongo dira; Garbitanian Sagardun Partzuergoan, Buruntzaldeko Taxi batzordean, Elkarkidetzan, Eskualde batzorde soziosanitarioan eta Eudelen ere Xabier Urdangarin egongo da ordezkari gisa; Eskolako kontseiluan eta haurreskolak Partzuergoan Ainara Vazquez egongo da; Udalbiltzan Andoni Gartzia eta Euskal Fondoan Esti Neira.

Alkatearen eta zinegotzien dedikazioa

Aurreko agintaldian 2,5 liberazio izan ziren guztira udalean (2 udal gobernuarenak eta 0,5 oposizioarenak), eta legegintzaldi honetan 2,9 liberazio izango ditu Udalak (2,5 udal gobernuarenak eta 0,4 oposizioarenak).

Alkateak lanaldi osoan beteko du bere kargua, eta hileko ordainsari gordina 4.293,22 eurokoa izango da, administrazio publikoan duen goi mailako teknikariaren lanpostuan duen lansari berbera eta legez ezarritako gehieneko lansaria baino %15 gutxiago.

Zinegotziei dagokienez, udal gobernuko hiru kide liberatuko dira, %50eko lanaldi murriztuarekin: Ainara Vazquez Martinez (euskara, hezkuntza, berdintasuna eta elkarbizitzako arduradun bezala), Naroa del Orden Otero (kultura, jaiak, kirola, gazteak eta partaidetzako arduradun bezala) eta Esti Neira Martinez (Alkatetzako idazkari eta komunikazio zerbitzuko arduradun bezala). Hiru kasuetan, hileko ordainsari gordina 1.354,84 eurokoa izango da.

Maria Otaegi Velez, EAJ-PNV taldearen bozeramailea, %40ko lanaldi murriztuarekin liberatuko da. EAJk, oposizioko talde nagusiak, aurreko agintaldian %50eko lanaldia izan zuen, oraingoan zinegotzien kopurua txikiagoa denez, %40koa izango da. Kasu horretan, hileko ordainsari gordina 1.081,47 eurokoa izango da.

Hurrengo asteetan zer?

Behin batzordeak eratuta eta izendapenak eginda, uztailaren 10eko astean batzordeetako bilerak egingo dira: hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta mugikortasuna; ogasuna eta ondarea eta obrak eta zerbitzuak, besteak beste. Udalbatza eta Tokiko Gobernu Batzarra, Santio Jaien aurretik, uztailaren 18an izango dira.