Albisteak
Atzealdea Udalak zorion mezua bidali nahi die Mundarro Kirol Elkarteko talde eta kirolariei, aurtengo ikasturtean izandako lorpenengatik.
2021·07·03
2020-21 ikasturtean Mundarroko sail guztiek izan dute entrenatzeko aukera: futbola, saskibaloia, pilota, atletismoa eta judoa. Hala ere, osasun egoera dela eta, soilik batzuk izan dute lehiatzeko aukera.
Datorren ikasturterako izen-emate epea amaitu den arren, kirol batean parte hartzeko interesa duten pertsonak jar daitezke Mundarro Kirol Elkartearekin harremanetan, honako helbidean: astigarragakomundarrofke@gmail.com
Hauek dira herriko talde eta kirolarien 2020-21 ikasturteko lorpenak:
Pilota
2020-21 ikasturtea oparoa izan da pilota sailarentzat.
Esku Pilota
- Gizonezkoak
Alebin mailan joan den urtean baino 4 pilotari gehiago aritu dira. Oso jarrera ona erakutsi dute, baina osasun egoeraren ondorioz ezin izan dute txapelketarik jokatu.
Infantil mailan pilotari bakarra Aimar Zabala izan da eta lehiaketa guztiak bertan behera gelditu zirenez, maila altuagokoekin jokatzeko herriarteko txapelketa arte itxaron behar izan du.
Xuban Goñi (kadetea) bigarren mailako eskuz banakako lau terdiko finalera iritsi da eta Gipuzkoako pilota federazioak etorkizuneko pilotari aukeratuen artean sartu du.
Jubenil mailan, Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiak Gipuzkoako txapelketa eta torneo pribatuetan hoberenen artean ibili dira denboraldi osoan zehar. Gainera, Eñautek Gipuzkoako lehen mailako lau terdiko txapela lortu zuen.
Helduen mailan aldiz, Jokin Santxez eta Harri Loidik lehen mailako Gipuzkoako eskuz binakako finalista izateagatik, mailaz igotzea lortu zuten. Orain, Ohorezko mailako pilotariak dira eta Euskal Ligarako sailkatuta, une honetan, finalerdiak jokatzeko sailkatu dira. Hodei Expositok ere lorpen bikaina izan du, eskuz banaka lau terdian Gipuzkoako lehen mailako txapeldun izan da.
Trinketeari dagokionez, Aimar Mujikak Gipuzkoako eskuz banakako txapela lortu zuen eta Oier Gurutzealderekin batera bigarren mailako eskuz binakako txapela lortu zuten.
Eskuzko herriartekoan, Bergara eta Tolosari irabazi ondoren, Gipuzkoako finalerdietara iritsi dira, Azpeitiaren aurka galdu zutelarik. Taldeko kide guztiak zoriondu nahi ditugu; Aimar, Xuban, Eñaut, Aimar, Ekain, Axier, Oier, Jokin, Harri, Joxemari, Ellande, Patxi, Andoni eta Jon.
Pala
- Gizonezkoak
Bost gizonezko aritu dira denboraldian zehar jokatzen, eta bigarren mailako Gipuzkoako banakako eta bikotekako txapelketak jokatu dituzte. Herriartekoan, final laurdenera iritsi ziren arren, 2 tanturengatik bakarrik galdu zuten.
- Emakumezkoak
Mundarro elkartearen zuzendaritza taldearen helburu estrategikoen artean, emakumezkoen kirola bultzatzea dago. Hori dela eta, 2019-20 ikasturtean, 15 urtetik gorako edozein emakumezkori, astero, pala goma modalitatean doan aritzeko aukera ematen hasi zen Mundarro, berdintasuna bultzatzeko asmoz. 15 eta 38 urte bitarteko 12 emakumezko aritu ziren astero bi egunez palaz eta kirolaz gozatzen. Aurrera pauso handia genero berdintasunerantz, baina osasun egoera dela eta, zoritxarrez bertan behera utzi behar izan dute ekimena. 2021-22 ikasturtean berriro ere martxan jartzeko gogoz daude.
Ikasturte honetan hasi da Izaro Arraras eta Maider Zugasti bikotea Gipuzkoako txapelketa jokatzen. Ondoren, Lide Aristizabal batu zitzaien eta hirukoteak Udaberri txapelketa jokatu zuen emaitza polita lortuz. Sailkapenean, taularen erditik gora geratu dira.
Azkenik, infantil mailan lau neska hasi dira palaz entrenatzen, etorkizunean txapelketetan hasteko asmoz.
Saskibaloia
- Emakumezkoak
Seniorretan bi talde egon arren bigarren probintzialekoak bakarrik aritu dira lehian. 5 taldeko fasean, bigarren postuan sailkatuta bigarren faserako sailkatu ziren. Azkenean, Zarautzen Zast taldearen aurka finala jokatu ondoren bigarren postua lortu zuten.
- Gizonezkoak
Senior mailan bi talde zeuden baina bi hauen artean bakarra osatu da denboraldi berezi honetan.Taldeak ez du jokatutako partidarik irabazi. Partaidetzako junior taldea, ligaxkako 5. postuan geratu da.
Futbola
- Gizonezkoak
Preferente mailan, Gipuzkoako 5.postua lortu da denboraldi atipiko honetan. Lehenengo erregional mailak, kategoriako txapeldun izatea lortu du, aurreko fase guztietan partida bat bera ere galdu gabe.
Lehen mailako eta ohorezko mailako jubenilek zein kadeteek, ez zuten azken faseetara sailkatzeko aukerarik izan.
- Emakumezkoak
Ohorezko mailako taldea, kategoria honetan lehen aldiz lehiatu eta lehen fase bikaina egin ondoren, gutxigatik bada ere, ez zuen azken faserako txartela lortu.
ZORIONAK GUZTIEI!