Albisteak

Udalak zaintza eta bateragarritasun erantzukidearen inguruko diagnostikoa jarriko du martxan

1
Berdintasun sailak herriko zaintzaren egoera eta baliabideen egokitasuna ezagutu nahi du eta parte hartzera animatu nahi ditu adin txikikoak, dependentzia duten pertsonak edota helduak zaintzen dituzten herritarrak, izan zaintza profesionalak edo familiakoak

2021·10·22


Astigarragako Udalak herriko zaintzaren egoera, eta baliabideen egokitasuna ezagutu nahi du. Emagin elkarteak, 2020. urtean, Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena egin zuen. Diagnostikoak hainbat ondorio atera zituen, besteak beste, zaintza eremua guztiz feminizatuta dagoela; etxeko eta zaintzako lanen banaketan genero rolek eragina izaten jarraitzen dutela; edota pertsona helduen edo dependentzia dutenen zaintzan lan egiten duten pertsonen lan-eta bizi-baldintzak bidegabeak direla.

Zehazki Astigarragako egoera ezagutzeko asmoz, Udaleko Berdintasun sailak diagnostiko berria egingo du. Udalak parte hartzera animatu nahi ditu adin txikikoak, dependentzia duten pertsonak edota helduak zaintzen dituzten herritarrak, izan zaintza profesionalak edo familiakoak.

Herritarrek hiru modutara parte hartzeko aukera izango dute: galdetegia erantzunez (online Udalaren webgunean, edo paperean zerbitzu publikoetako eraikinetan galdetegia eskuratuta); herritarrentzat saio irekietan parte hartuta (azaroaren 4an eta 11n 18:00-19:30 Erribera Kulturgunean); edota zuzeneko elkarrizketa eginda. Elkarrizketa egiteko edo saio irekietan parte hartzeko interesa izanez gero, berdintasun sailarekin jarri behar da harremanetan berdintasuna@astigarraga.eus helbidean edo 943 50 57 01 zenbakian.

Aipatutakoarekin batera, Udalak bere langileen kontziliaziorako dituen neurrien balorazioa ere egingo du, langileen iritzia jasoz euren egoeraren eta Udalak eskaintzen dizkien baliabideen inguruan.

1