Albisteak
Atzealdea

Udalak urteko lehen Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen atzo

Bi batzarretan gai ugari jorratu ziren: dirulaguntzak, lan eskaintzak, udal eraikinak erabiltzeko fidantza kentzea, zero zabor ziurtapen programa, besteak beste.

2023·02·01


Hauek dira osoko bilkurako gai nagusiak:

2023ko zerga fiskalen aldaketa. Hasierako onarpena.

Orain arte, udal eraikinetako gela batzuk erabili ahal izateko, pertsona guztiek 150 euroko fidantza jarri behar zuten. Udalak uste du fidantza hori gehiegizkoa dela eta herritarrei asko zailtzen diela udal eraikinak erabiltzea. Hori dela eta, eta bizilagunei udal eraikinen erabilera errazteko asmoz, Osoko Bilkurak onartu zuen herriko elkarteek eta herritarrek fidantzarik ez ordaintzea.

Dirulaguntzak ematea arautzeko udal ordenantzaren aldaketa. Hasierako onarpena.

Dirulaguntzak emateko ordenantza aspaldikoa da, 2006koa, eta berrikusteko beharra ikusi du Udalak. Alde batetik, geroztik egin diren lege aldaketak jasotzeko; eta bestetik, elkarteei dirulaguntzak eskatu eta izapedetzea errazteko. Hori dela eta, urtarrileko osoko bilkuran, ordenantza honen aldaketari hasierako onarpena eman zitzaion, eta ekarpenak zein alegazioak egiteko epea ireki zen. Otsailean, herriko elkarteekin lan-saio bat egingo da, haien ekarpenak jasotzeko.

Zero Zabor Udalerriak ziurtapen programan parte hartzea (Zero Waste cities Certification Programme)

Astigarragako udalak hondakinen murrizketan eta prebentzioan areagotu nahi du, sortzen diren hondakinen katearen lehengo mailan indarrak jarrita. Horregatik, interesgarria eta beharrezkoa da, tokiko erakundeak Zero Zabor prozesuan murgilduta dauden bestelako erakundeekin elkarlanean jardutea. Lan horretan diardu, Zero Zabor nazioarteko mugimenduak, Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programaren barruan(Zero Waste Cities Certification Programme), Europako 24 herrialdetako 30 erakundek parte hartuta.

“Zero Zabor” naturaren zikloak emulatu nahi dituen hondakinen kudeaketa-eredua da.

Atzoko osoko bilkuran, Udalak Zero Zabor Udalerrien Ziurtapen Programari (Zero Waste Cities Certification Programme) atxikitzea onartu zuen, baita Astigarragako Udalari Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiri Programaren barruan eska dakizkiokeen baldintzak eta zereginak betetzeko konpromisoa hartu ere.

Zero hondakinaren ziurtagiria 3 urratsek osatzen dute:

  1. zero zabor udalerria izateko konpromisoa hartzea
  2. egungo egoeraren auditoretza egitea
  3. ziurtagiria lortzea eta jarraipena egitea

Nortasun juridikorik gabeko elkartzea, uraren hiri-zikloaren eraginkortasuna hobetzeko proiektuak egiteko (PERTE uraren zikloaren digitalizazioa)

Ur sarea digitalizatzeko eta informazioa jasotzeko proiektua landu du Astigarragako Udalak, beste udal batzuekin elkarlanean. Proiektua europar funtsetako dirulaguntza deialdira bidaliko da. Astigarragak eta eskualdeko beste herriek Añarbeko Urak erakundearekin batera parte hartuko dute, dirulaguntza eskatzeko. Astigarragari dagokion proeiktuaren zatiaren kostua 213.187,25 €-koa da, eta eskatutako dirulaguntza 149.231,08 €-koa.

Tokiko Gobernu Batzarrean ere gai garrantzitsuak onartu ziren:

Zehapen espedientearen ebazpena.

Txakur arriskutsu bat aske eta bozalik gabe eramateagatik herritar bati espedientea bideratu zaio; aske eramateagatik 1.000 euroko isuna eta bozalik gabe eramateagatik beste 1.000 euroko isuna, guztira 2.000 euroko isuna.

  • Lan-eskaintzak:

Astigarragako udaltzainen lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesua. Deitutako plaza kopurua handitzea.

2022ko martxoko Tokiko Gobernu Batzarrean Udaltzaingoko agenteen bi plaza betetzeko hautaketa-prozesua martxan jartzea onartu zen. Ondoren, bete berri zegoen beste plaza bat hutsik geratu zen eta, beraz, atzoko Tokiko Gobernu Batzarrak hautaketa prozesuan beste plaza bat gehitzea onartu zuen, guztira hiru izango lirateke.

Artxiboko eta liburutegiko arduradunaren lanpostua txanda irekian betetzeko lehiaketa-oposiziorako oinarriak eta deialdia.

Tokiko Gobernu Batzarrak udal plantillan hutsik dagoen Artxibo eta Liburutegiko arduradun lanpostua behin betiko betetzeko hautaketa prozesuaren oinarriak onartu zituen. Laster argitaratuko da deialdia.

  • Dirulaguntzak:

2020-23ko dirulaguntzen plan estrategikoaren aldaketa.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzea onartu du, dirulaguntza berriak sortu direlako eta beste batzuen kopuruak aldatu direlako.

Adin txikikoen osasun, hezkuntza eta oro har, garapenaren baitan sortzen diren beharrei erantzuna emateko 2023ko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia.

Laguntza berri hauen helburua da garapen-prozesuan zailtasunak dituzten edo zailtasunak izateko arriskuan dauden adingabeei (0-17) tratamendu profesionalen kostuan laguntzea (fisioterapia terapeutikoa, terapia okupazionala, osteopatia, logopedia, psikomotrizitatea...) edo/eta errefortzu akademikoan (ikasgai tronkaletan). Atzo Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zituen oinarriak eta laster argitaratuko da deialdia.

Dirulaguntza izenduna Astigarragako Emakumeon Etxea elkarteari.

Tokiko Gobernu Batzordeak Astigarragako Emakumeon Etxeari 2023rako 40.500 euroko dirulaguntza izenduna ematea onartu zuen, iaz baino 5.500 euro gehiago.

Dirulaguntza izenduna Harituz Astigarragako emakume eta gizonen berdintasun eskola elkarteari.

Harituzi 2023rako 8.000 euroko dirulaguntza izenduna ematea onartu zen, hau da, iazko kopuru bera.