Albisteak

Atzealdea Udalak urtarrileko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen asteartean

Batzarretan, besteak beste, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Arautzeko Ordenantza, Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Herri Eskolako galdara eta Kiroldegia izan ziren hizpide.

2026·01·29


Hona hemen onartutako gai nagusienen laburpena:

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Arautzeko Ordenantza

Osoko Bilkurak asteartean eman zion oniritzia Ordenantzari, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa arautzeko. Ordenantza honen xedea da, alde batetik, Astigarragako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen planak eta proiektuak egiteko eta onartzeko prozeduretan eta horiek baimentzeko edo gaitzeko prozeduretan euskararen erabileraren normalizazioa eta hizkuntza-alderdiak areagotzea. Bestalde, euskararen erabilera normalizatzeko aukera onuragarrienak aztertzea eta kontuan hartzea, eta, ondorioz, hizkuntza-inpaktuaren gaineko ondorio negatiboak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak diseinatzea.

Ordenantza hau Astigarragako udal administrazioari eta Udalari lotutako edo haren mendeko erakunde autonomo eta publikoei aplikatuko zaie, baita udalerriaren egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen udalaz gaindiko proiektu eta planak onartzeko prozedurei ere. Udalarekin lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten edo harengandik dirulaguntzaren bat jaso duten erakunde pribatuei ere aplikatuko zaie.

Buruntzaldean euskara arloko egitasmoak elkarlanean garatzeko 2026ko Plana

Asteartean onartutako beste gai bat ere euskararekin lotuta dago. 2002an, Buruntzaldeko sei udalerrien arteko lankidetza hasi zen euskararen arloan, eta hainbat kanpaina eta proiektu bideratu dira elkarrekin. Urte hauetan zehar eskualde mailan euskara sustatzeko hainbat arlo jorratu dira: merkataritza, familia transmisioa, autoeskolak, kultur agenda, besteak beste.

Kiroldegia eraberritzeko, birgaitzeko eta handitzeko obren zuzendaritza fakultatiboaren zerbitzua kontratatzeko espedientea

Kiroldegiko obrak burutzeko prozedurak aurrera jarraitzen du eta azken urratsa zuzendaritza fakultatiboaren zerbitzuaren lehiaketa martxan jartzea izan da, Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman ondoren. Obrak uda baino lehen hastea aurreikusten da.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2024-2026

2026ko aurrekontua indarrean, Dirulaguntzen Plan Estrategikoa urtarrileko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu da. Oro har, talde guztien dirulaguntzak mantendu dira, batzuk handitu egin dira eta beste batzuk sortu. Guztira, 2026rako 36 dirulaguntza izendun aurreikusi dira Plan Estrategikoan, 971.782,24 euro guztira, eta 17 deialdi ireki, 261.900,00 euro guztira. Beraz, Udalak 1.233.682,24 euro ematea aurreikusten du dirulaguntzetan.

Azpimarratzekoak dira berriki sortu edo egokitu diren dirulaguntza batzuk:

  • Horietako bat Astindu Astigarragako Euskara Elkartearena izango litzateke; herrian ekintzak eta ekimenak zehazten eta abian jartzen ari da, eta 10.000 euro jasoko ditu horretarako.
  • Nabarmentzeko ere gizarte-zerbitzuen eremuko laguntza bat, arlo horretako beste laguntzen osagarria dena, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko eta arintzeko, eta 10.000 euro erabiliko dira horretarako ere.
  • Aipagarria sortu berri den beste dirulaguntza bat, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioari emango zaiona. Udalerriko dibertsitate funtzionala duten eskola-umeentzat kirol egokituan parte hartzeak dakarren gastua arintzeko helburua du laguntzak. Horretarako, 2.500 euro emango zaizkio Federazioari.
  • Astigarragako bi auzok jaiak antolatzeko laguntza izenduna izatera pasa dira: Santiomendi auzo elkarteari 4.000 euro, eta Zamalbide-Bentak elkarteak 8.500 euro, urtean zehar kirol- eta aisialdi-jarduerak antolatu eta egiteko eta auzoko jaiak antolatzeko.

Astigarragako Herri Eskolan matxuratutako gas-galdara aldatu eta energetikoki jasangarria den beroa sortzeko proiektua

Udalak ahalegin berezia egingo du Herri Eskolako galdara aldatzeak dakarren kostua bere gain hartzeko, eta bero jasangarria sortzen duen sistema baten aldeko apustua egin du. Horren kostua 362.729,69 eurokoa da (BEZ barne).

Udalak prestatu duen proiektua Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen asteartean eta laster jarriko da martxan lehiaketa. Egungoa ordezkatzeko bi galdara jarriko dira: bata, kondentsazio-gas naturalekoa, 230 kW-eko potentziakoa, eta bestea, biomasakoa, 180 kW-eko potentziakoa (pellet). Sistema egokitzeko, hainbat lan egin behar dira, hala nola dagoen tximiniaren barrualdea forratzea eta tximinia berri bat muntatzea, besteak beste. Eraikuntzarekin batera, biomasa-galdarari gutxienez 15 eguneko autonomia bermatzeko adinako gaitasuna duen silo bat eraikiko da. Bero-kolektorea ere berrituko da, berokuntza banatzeko dituen bost zirkuituekin. Horretarako, ponpa-gela bat eraikiko da pelleta biltegiratzeko silo berriaren ondoan. Horiek dira, besteak beste, egungo galdara sistema eraginkor eta jasangarri batez ordezteko egin beharreko lanetako batzuk.

Udalak proiektu horri eman dio lehentasuna, eta bere gain hartuko du horrek dakarren aurrekontu handia, lehen aipatu bezala, 362.729,69 eurokoa (BEZ barne).