Albisteak

Atzealdea Udalak txakurren jabeei gogorarazi nahi die animalien udal ordenantzan agertzen diren baldintzak betetzeko ardura dutela

Helburua da elkarbizitza-arazoak saihestea eta bizikidetza erosoa eta egokia lortzea herrian

2025·12·04


Udalera hainbat kexa iritsi dira azken asteotan, bide publikoan txakurren ardura duten pertsona batzuen portaera ez oso zibikoagatik.

Pertsona horiei gogorarazten zaie animalien edukitza eta babesari buruzko udal-ordenantzan xedatutakoa bete behar dutela. Hona hemen baldintza horietako batzuk:

  • Txakurrak kontrolatuta eta lotuta joan behar dira, animaliaren ezaugarrietara egokitutako uhala erabiliz.
  • Debekatuta dago txakurren gorozkiak bide publikoetan, haur-parkeetan, lorategietan eta, oro har, apaintzeko eta/edo pertsonak ibiltzeko erabiltzen den edozein lekutan uztea
  • “Animalia arriskutsu” gisa katalogatutako txakurren kasuan eta "arriskutsuak izan daitezkeen animalien" kasuan, gainera, muturrekoa uneoro erabili beharko dute bide publikoan, eraikinetako leku komunetan eta, oro har, espazio publikoetan.

Txakurrak aske uzteko eremuak

2021ean, parte-hartze prozesu batean animalien ordenantza berrikusi zenean, txakurrak aske ibiltzeko eremu berezi eta ordutegi batzuk ezarri ziren (betiere arriskutsutzat sailkatuta ez badaude eta erasoagatik aurrekari erregistraturik ez badute):

Neguan 19:00etatik 11:00etara eta udan 20:00etatik 10:00etara.

  • Andre Gobadarien ibai-parkean (ibai ertzean dagoen eremuan SOILIK).
  • Mundarro plazan (haurrentzako jolas-gunetik KANPO).
  • Murgiako parkean (haurrentzako jolas-gunetik KANPO).
  • Maskarrene bidean, Goiko Iturri eta Kultur Etxe zaharraren artean (EZ Sagardoetxearen gainean dagoen sagastian edo Kultur Etxearen azpian dagoen lorategian).

Halaber, txakurrentzako hainbat gune itxi daude herrian: Ergobia auzoan; Portutxon, makina bio-osasungarrien ondoan; Izaskun kalean eta ibai-parkean (ibai-parkearen eremua hilabete batzuez ezin izango da erabili, tren geltoki berrira sarbide emango duen pasarela eraikitzeko hasi berri diren obrak direla eta).

Gune horietan (eremu ireki zein itxietan) txakurrak aske ibil badaitezke ere, ez dituzte jabeak beren gorotzak jasotzetik eta animalia kontrolatzetik salbuesten.