Albisteak

Atzealdea Udalak otsaileko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen atzo

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala eta hainbat dirulaguntza batzarretan onartutako gaien artean.

2025·02·26


Plenoan, udal etxebizitza tasatuen ordenantzan aldaketa bati hasierako onarpena eman zitzaion, udal etxebizitzak saltzeko edo alokatzeko gehieneko prezioak eta errentak arautzeko.

Bestalde, aurki izango den martxoaren 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren, inguruko adierazpen instituzionala onartu zen Plenoan aho batez.

Martxoaren 8an, Emakumeon Egunean, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da.

Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak.

Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia. Ezinbestekoak izan dira, hainbat bide zabaltzeko, eta hauen garapenean oraindik bidea daukagu egiteko.

Astigarragako Udalak adierazpenarekin bat, hainbat erabaki hartu ditu:

  • Berdintasun Kontseilua sortzea.
  • Mugimendu Feministarekin batera Zaintzen aldeko Herri Akordioarekin bat egin.
  • Zaintzen eraldaketarako herri hausnarketa eta Zaintza Plan baten eraikuntza prozesua abian jartzea.
  • Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea.
  • Jabekuntza Eskolei eta Emakumeen Etxeei behar adina baliabide bermatzea.
  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
  • Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko.
  • Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
  • Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.

Ikus adierazpen instituzionala osorik

Tokiko Gobernu Batzarran, euskara arloko bi Plan onartu ziren:

  • Astigarragan euskararen erabilera sustatzeko Uemarekin lankidetzan garatzeko 2025eko plana
  • Euskara arloko egitasmoak elkarlanean garatzeko Buruntzaldeko 2025eko plana

Dirulaguntzak izan ziren beste gai nagusia batzarrean, hainbat dirulaguntza izendun onartu ziren:

  • Matazak indarkeria sexistaren aurka elkarteari, 5.300 euroko dirulaguntza, emakumeen aurkako era guztietako indarkeriak agerian jartzeko eta salatzeko emakumeak saretzeko jarduerak abiatzeko.
  • Astiko elkarteari 25.000 euroko dirulaguntza, tokiko merkataritza sustatzeko eta elkartea zein merkataritzarekin lotutako beste helburu batzuk lortzeko beharrezko ekintzak eta ekimenak garatzeko.

Hirigintzaren arloan, bi obra-baimen onartu zituen Tokiko Gobernu Batzarrak:

  • Errekalde-Lizardi eremuan familia bakarreko etxebizitza eraikitzeko.
  • Ipintza Gururetzegain eremuan 12 etxebizitza, garaje eta trasteleku eraikitzeko.