Albisteak
Atzealdea Udalak osasun sistema publiko duinaren aldeko mozioa onartu du
2020·07·22
Osoko Bilkurak, 2020-07-22ko bilkuran, Osasun sistema publiko duinaren aldeko mozioa onartu du, EH BIlduren aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin. Hona hemen mozioa:
OSASUN SISTEMA PUBLIKO DUINAREN ALDE
Covid-19aren pandemiak erakutsi digu gure osasun sistema publikoak gabezia eta hutsune larriak dituela. Osasun arloko sindikatuen gehiengo zabalak (SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK) hainbat elkarretaratze eta deialdi egin ditu ekainean eta uztailean, Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikak eta euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria salatzeko. Mobilizazio horiek jarraipen garrantzitsua izan dute, zalantzarik gabe, lantokietan bizi den egoera eskasaren eta osasunaren arloko politika publikoak errotik aldatzeko beharraren erakusgarri.
Azken urteotan, osasuna negozio iturri bihurtu da batzuentzat. Hala, osasun publikoa ahuldu egin dela ikusi dugu, eta horren ondorioak agerikoak izan dira osasun-krisi honi aurre egiteko orduan. Langileen ahalegina eta inplikazioa izan da gure osasun-sistemaren gabeziak arintzea lortu duena, egunerokoan gertatzen den bezala. Langileek guztiz salbuespenezko baldintzetan egin dute lan: lan-karga onartezinak; babes-neurrien falta kezkagarria; eta langile urriek osatutako ekipoak, Osakidetzak ez baitie baliabide egokirik eta nahikorik eman krisiari aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria eragin dute: aurrekontu-partidak EBko batez bestekotik behera; enpleguaren suntsiketa; egiturazko plantilla oso urria; kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera; lan-eskubideen murrizketak; pribatizazioak; lan-karga onartezinak, etab.
Horregatik guztiagatik, mozio hau aurkezten dugu, eskakizun hauekin:
1. Astigarragako Udalak bat egiten du osasun arloko gehiengo sindikalak egiten duen irakurketarekin eta bat egiten du deitutako elkarretaratze eta mobilizazioekin.
2. Astigarragako Udalak herritarrak deialdi horietan parte hartzera gonbidatzen ditu, ongizate kolektiboko tresna den osasun publikoaren defentsan. Tresna hori indartu eta garatu egin behar dugu guztion ongia bermatzeko. Zalantzarik gabe, koronabirusaren krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoen garrantzia, eta, zehazki, osasun publikoarena.
3. Astigarragako Udalak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari, premiaz eta atzerapenik gabe, errotik alda ditzatela osasun-arloko politika publikoak, eta neurri hauek har ditzatela:
- Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoarekin parekatuko dena.
- Enpleguaren arloan:
- Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz.
- Plantilla egonkortuko duten eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko duten behin-behineko langileak sendotzea.
- Murrizketa guztiak lehengoratzea.
- Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea, dagoen enplegua galdu gabe.
- Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, bai haren eguneroko lanean.
4. Astigarragako Udalak mozio honen berri emango die astigartarrei. Halaber, onartutako mozioa jakinaraziko die aipatutako sindikatuei, Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari.