Albisteak

Atzealdea Udalak Osakidetzari Joseba Barandiaran plazako lokala utzi dio, gripearen aurkako txertoak eta Covid-19 probak egiteko

Udalak Osakidetzaren esku utzi du Gaztelekua izandako Joseba Barandiaran plazako lokala 2020.urteko gripearen aurkako txertaketak bertan egin eta astigartarren covid-19 probak ere bertan egin ahal izateko.

2020·10·16


Joseba Barandiaran plazako lokala

Udalak hobetze lan batzuk burutu zituen lokalean Osakidetzari utzi aurretik. Alde batetik, garbiketa eta desinfekzio lanak egin ziren, eta bestetik, margoketa lanak. Guztira, 3.350 euroko kostua izan dute lan horiek. Osakidetza pozik agertu da lokalaren egoerarekin eta urriaren 13an hasi zen lokala erabiltzen.

Herri Eskola

Covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, Udalak Herri Eskolan ere zenbait hobekuntza lan eta ez-ohiko garbiketa lanak hartu ditu bere gain. Ikasle eta irakasleek ahalik eta babes handiena izan dezaten egindako lanak dira guztiak. Ikasturte honetan Herri Eskolan 43.485,42 euroko ez-ohiko gastua egitea aurreikusten du Udalak covid-19ak eragindako egoera dela eta.

Hauek dira burututako lanak, eta duten kostua:

  • Eraikinean egunero 4 orduz ez-ohiko garbiketa bat egiten da. Horrek ikasturte osoan izango duen kostua 24.930,84 eurokoa da.
  • Haur Hezkuntzako bi geletatik zuzenean jolastokira sartu-irteteko ateak jarri dira. Horrek 10.783,52 euroko kostua izan du.
  • Jangelako zerbitzua era seguruagoan eskaintzeko gortinak jarri dira eta 4.483,07 euroko kostua izan du.
  • Jolastokia margotu da sarrera ordua modu antolatuan egin ahal izateko. Lan horren kostua 1.887,60 eurokoa izan da.
  • Komunetako kaniletan detektagailuak jarri dira. 1.400,38 euroko kostua izan du lan horrek.

Covid-19 egoera Astigarragan

Orain arte herrian izan ditugun covid-19 kasuak kontrolpean egon diren arren, goranzko joera nabarmena jasaten ari gara.

Iraila osoan 30 kasu positibo eman ziren herrian, eta urriaren lehen hamabostaldian (1etik-13ra) dagoeneko 27 kasu eman dira.

Hori dela eta, Udalak herritarrei eskatu nahi die zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko:

  • Musukoa erabili
  • Eskuak maiz garbitu
  • Beste pertsonekiko segurtasun distantzia mantendu eta pilaketak ekidin
  • Sintomak edukiz gero, etxean gelditu eta osasun zentrora deitu