Albisteak

Atzealdea Udalak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu dirulaguntzetara 2025ean

Udala dirulaguntza izendunak eta lehia bidezkoak onartzen ari da urteko lehen hilabeteetan.

2025·04·16


Urtarrileko, otsaileko eta martxoko Tokiko Gobernu Batzarretako gai nagusietako bat dirulaguntzak izan dira. Urteko lehen hiruhilekoan, 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusitako dirulaguntza ugari onartu dira.

Udalak 1.054.607,05 euro aurreikusi ditu dirulaguntzetarako 2025ean, iaz baino 84.551,53 euro gehiago.

Orain arte onartutako dirulaguntza izendunak honako hauek dira:

  • Mundarro elkateari 112.000 euro herrian kirola sustatzeko eta elkartearen ohiko jarduneko gastuei aurre egiteko.
  • Emakumeon Etxeari 70.000 euro berdintasunaren arloan programak, proiektuak eta jarduerak garatzeko.
  • Matazak indarkeria sexistaren aurka elkarteari 5.300 euro emakumeen aurkako era guztietako indarkeriak agerian jartzeko eta salatzeko emakumeak saretzeko jarduerak abiatzeko.
  • Astiko elkarteari 25.000 euro tokiko merkataritza sustatzeko eta elkartea zein merkataritzarekin lotutako beste helburu batzuk lortzeko beharrezko ekintzak eta ekimenak garatzeko.
  • Astikat elkateari 5.000 euro katuen kolonien jarraipena eta kontrola egiteko, besteak beste.
  • Astigarragako Parrokiari 3.600 euro herrian zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzeko.
  • Gure Izarra elkarteari 5.000 euro 85 urtetik gorakoei urteroko omenaldia egiteko.
  • Norberto Almandoz Musika Eskolari 165.000 euro bere jarduna bideratzeko.
  • Herri Eskolako Guraso Elkarteari 29.587 euro ikasturte honetarako jarduerak bideratzeko; hala nola, eskolaz kanpoko ekintzak, igeriketa kanpaina eta hezkuntza arloko hainbat ekintza.
  • Dobera euskara elkarteari 35.000 euro. Herriko albisteak argitaratzen dituen Kronika euskarako komunikabidea laguntzeko.
  • Aiztondo abesbatzari 22.000 euro eskainiko dituen emanaldietarako eta bere jarduna aurrera eramateko.
  • Astigar elkarteari 28.000 euro; batetik, Astigarraga aldizkaria eta webgunerako; eta bestetik, Astigar dantza taldeak bere emanaldiak eta urteko jarduna aurrera eramateko.
  • Eragiyok abesbatzari 10.000 euro Ahober zikloa antolatu eta beste hainbat ekintza burutzeko.
  • Ergobia Gastronomi elkarteari 4.000 euro euskal jaia antolatzeko.
  • Goldea elkarteari 25.000 euro baserri mundua eta herri kirolak sustatzeko.
  • Xaguxar elkarteari 35.000 euro udalekuak antolatzeko eta haurren artean euskararen erabilera sustatzeko.

Orain arte onartu diren lehia askeko dirulaguntzen deialdiak honako hauek dira:

  • Lehen sektoreko proiektuak sustatzeko, 30.000 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik ekainaren 10era arte.
  • Herrian emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektuetarako, 4.000 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik, maiatzaren 12ra arte.
  • Ekintzailetza sustatu eta jarduera ekonomikoak sendotu eta mantentzeko, 22.000 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik, urriaren 31ra arte.
  • Adintxikikoen garapenaren baitan sortzen diren beharrak laguntzeko, 15.000 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik, abenduaren 31ra arte.
  • Garapen lankidetza programetarako, 20.000 euro. Sentsibilizaziorako eta kooperatzaileetarako dirulaguntzetan eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 10era arte, larrialdiko dirulaguntzetan eskabideak aurkezteko epea azaroaren 30era arte.
  • Enpresetan eta elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko, 3.000 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik abenduaren 19ra arte.
  • Kultura, jaiak eta ospakizunetarako, 37.250 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik, maiatzaren 10era arte.
  • Kirol arloko proiektuak eta kirol ekintza puntualetarako, 17.000 euro. Eskabideak aurkezteko epea zabalik, maiatzaren 11ra arte.

Plan estrategikoan aurreikusitako dirulaguntza gehienak onartu diren arren, arrazoi ezberdinak direla medio batzuk falta dira, eta datozen hilabeteetan onartuko dira.