Albisteak

Atzealdea Udalak lau gairi buruzko herri gogoetak abiatuko ditu: berdintasuna, euskara, irisgarritasuna eta toki garapen jasangarria

6
Prozesu horiek urrian hasi eta 2024ko udaberrian amaituko dira eta tresna izango dira datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko.

2023·10·10


2023-2027 legegintzaldi hasiera gogoeta estrategikoen unea da, nahi dugun Astigarragarantz bidea egiteko unea. Datozen urteei begirako hausnarketa honetan, Udalari garrantzitsua iruditu zaio ahalik eta plan osatuenak garatzea, herritarren parte hartzearekin eginda eta herritarrentzat izango direnak. Horregatik, gogoeta horietan herritarrek eta eragileek izan behar dute ahotsa, eta, beraz, prozesuetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak. Lau alorrak desberdinak diren arren, asko dute komunean, zeharkakotasuna duten gaiak dira, eta, beraz, guztiak "A* Nahi dugun Astigarragarantz" markaren barruan kokatzea eta marko komun bat ematea erabaki da.

Prozesuetan jasotako lan-ildo guztiak plan estrategikoetan egikarituko dira eta otsailaren erdialderako prest egotea aurreikusten da. 2024ko udaberrian herritarrei parte hartzeko prozesuen eta landutako plan estrategikoen berri emango zaie.

Prozesuak eta saio irekiak

Herritarrak eta eragileen ahotsa jaso nahi den honetan, beraiei bideratutako saio irekiak eta galdetegiak antolatuko dira. Guztira 12 saio ireki egingo dira eta guztiak 18:00etan izango dira Erribera kulturgunean, saioetan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea. Galdetegiei dagokienean, online erantzun ahal izango dira udal webgunearen bitartez eta paperean ere bete ahal izango dira, herrian kokatuko diren 8 postontzietako batean utziz: kiroldegian, udaletxean, kultur etxe zaharrean, Erribera kulturgunean, Kiriketa haurreskolan, Herri Eskolan, Emakumeon etxean eta Galtzaur elkartean.

Gogoetak hastearekin batera berehala abian jarriko diren ekintzak azpimarratu behar dira lehentasunez; urriaren 18ko Berdintasun prozesuko saioa, non III.Berdintasun planaren ebaluazioa egin eta aurrera begirako erronkak identifikatuko diren; eta, Euskarako prozesuan urriaren 10etik 23ra bideratuko den galdetegia, herritarrek Astigarragako euskararen egoerari buruz duten pertzepzioa jasotzeko helburua izango duena.

Informazio guztia: astigarragarantz.eus webgunean eta udal webguneko "parte hartu" atalean aurki dezakezue.

Prozesuaren inguruko zalantzak argitzeko: astigarragarantz@astigarraga.eus/ 688 850 760

Gogoeta-prozesu hauek Emakunderen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren eta Gobernantza Departamentuaren dirulaguntza jaso dute.

1 2 3 4 5 6