Albisteak

Atzealdea Udala landa eremuko hainbat bideetan egokitzapenak eta hobekuntzak egiten ari da

3
Mendiolan, Etxekuenen, Larrabide eta Guardi baserrien artean eta Manixene bidean, besteak beste.

2023·05·25


Mendiola

Mendiola inguruan egokitzapen ugari egin dira eta dagoeneko amaituta daude. Egoera txarrean zeuden elementuak berritu dira eta ingurua txukundu da: aska txukundu da eta goiko belardia taluzatu. Ur-hartunea askara eraman da edateko ura egon dadin. Bertan dagoen intxaurrondoaren inguruan metro bateko horma bat eraiki da zuhaitza babesteko. Hasierako ezpondaren ondoan zintarri bat jarri da errepidea luizietatik babesteko. Eskailerak ere berregin dira, ubidea bideratu da eta, azkenik, eremua asfaltatu da.

Lan hauek 48.378,37 euroko aurrekontua izan dute.

Etxekuene

Txoritokietako bidean, hilerritik gora ezkerretara, lurrezko ubide bat dago. Errepidea zeharkatzen duen hormigoizko hodi bat zegoen bertan, urak bideratzen zituena. Baina hodiaren diametroa nahikoa ez zenez, urak gainezka egiten zuen. Horregatik, funtzio bera duen hodi handiago bat sartu da. 

Obra horiek amaituta daude, 9.810,54 euroko aurrekontua izan dute eta Sasoi Eraikuntzak, S.L enpresak egin ditu.

Larrabide eta Guardi baserriak

Larrabide eta Guardi baserrien artean, errepidea zartatzen ari zen. Udala eremua aztertzera joan zenean, bertako eskoilera ezegonkortzen ari zela ikusi zuen. Hori dela eta, egin beharreko konponketa, alde batetik, eskoilera berria egitea da eta, bestetik, errepidea berriro asfaltatzea.

Dagoeneko hasita daude lan hauek eta ekainaren erdialdera amaituta egongo direla aurreikusten da. Iparlur da lanak burutzen ari den enpresa eta 29.881,98 euroko aurrekontua dute.

Manixene bidea

Kasu honetan ere errepidea zartatua dago, eta horrek adierazten du azpiko lurra ezegonkortu egin dela. Beraz, Larrabide eta Gurdi arteko bidean bezala, eskoilera berri bat egin behar da eta errepidea berriz asfaltatu. Bestalde, urak ondo bideratzeko bide bat eraikitzea aurreikusten da.

Aurrekontua 35.517,23 eurokoa da, eta obrak esleitzeko daude.

1 2 3