Albisteak

Atzealdea Udalak joan den asteartean egin zituen urteko azken Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra

Gai gutxi izan ziren batzarretan, nabarmentzekoen artean, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna eta garapenerako lankidetza programaren dirulaguntzak

2025·12·29


Hauek dira 2025.urteko azken batzarretan onartutako gai esanguratsuenak:

Soldata igoera

2025eko eta 2026ko udal langileen ordainsarien igoerak ontzat eman zituen Osoko Bilkurak.

Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna

Astigarragako Udalak 2023an onartu zuen Klima eta Energia Plana, eta arlo horietan lanean dihardu, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunak, bat egiten du Udalak duen konpromisoarekin eta beraz, abenduko Osoko Bilkurara adierazpen instituzional gisa eraman eta onartu zen.

Testu honen baitan, Udalak konpromisoa hartzen du epe ertain eta luzerako helburuak finkatzeko, Europar Batasunaren helburuekin bat datozenak. 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea helburu. Egungo larrialdi klimatikoa kontuan hartuta, ekintza klimatikoa lehenetsiko eta herritarrei jakinaraziko diegu:

  • Herritarrak, enpresak eta gobernuak inplikatu, ikuspegi hori aplikatzeko eta gure sistema sozial eta ekonomikoak aldatzeko maila guztietan. Helburu horiek lortzen lagunduko diguten eragile guztiekin tokian tokiko hitzarmen klimatikoa garatzea da gure helburua.
  • Jardun, orain eta elkarrekin, beharrezko trantsizioa bideratzeko eta bizkortzeko. Gure helburuak lortzeko ekintza-plana garatu, aplikatu eta jakinaraziko dugu, ezarritako epeetan. Gure planetan, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko xedapenak sartuko dira, betiere integratzaileak izateari utzi gabe.
  • Harremanak ezarri tokiko beste alkate eta liderrekin, Europan eta haratago, elkar inspiratzeko. Alkateen Itun Globalaren mugimenduan gurekin bat egin dezaten eskatuko diegu, munduan dauden tokian daudela, hemen deskribatzen diren helburuak eta ikuspegia beren egiten badituzte.

Ikus Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna osorik

Garapenerako lankidetza programaren dirulaguntzak

Udalak urtero martxan jartzen ditu garapenerako lankidetza programaren hainbat dirulaguntza-lerro: Garapenerako sentsibilizazioeta /edo hezkuntza jardueretarako; Ekintza humanitario/ larrialdeetarako laguntzak eta tokiko lankide gazteentzako laguntza.

Kooperaziorako eskaerarik jaso ez denez, helburu horretarako gordetako kopurua beste jardueretarako gehitu da, eta hauek dira Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat emandako programa eta kopuruak: 

  1. Garabide kultur elkarteari 3.981 euro sentsibilizazioaren arloan honako proiektua garatzeko: Hezkuntzan mapuzugunaren transmisioa indartzeko: Irakasleentzako formazio eta ikerketa.
  2. Bakerako lankidetza batzarreari 3.750 euro larrialdien arloan honako helburuarekin: Gazako krisi humanitarioaren aurrean larrialdirako erantzuna eta poblazioaren eskubideak babesteko.
  3. Asociación Salvamento Maritimori 4.500 euro larrialdien arloan honako helburuarekin: gerratik, klima-aldaketatik eta muturreko pobreziatik ihesi doazen migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideak erreskatatzeko, laguntza humanitarioa emateko eta defendatzeko proiektua, Mediterraneo erdialdeko ibilbidean barrena - Aita Mari 2025.
  4. Fundacion Bonali 4.250 euro larrialdien arloan honako helburuarekin: Errefuxiatuak babesteko eta bizirirauteko larrialdi-laguntzaren jarraipena.
  5. Amigas del Sahara elkarteari 3.500 euro larrialdien arloan honako helbururako: Sahararen aldeko Euskal Karabana bideratzeko “Piztu itxaropena” lemapean.