Albisteak

Atzealdea Udalak joan den asteartean egin zituen azaroko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra

Osoko Bilkuran 2023ko udal aurrekontuari hasierako onarpena eman zitzaion, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala onartu zen. Tokiko Gobernu Batzarrari dagokionez, kontratazio-espediente eta dirulaguntza batzuk atera ziren aurrera.

2022·12·05


Hona hemen Azaroak 29ko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordean onartutako gai esanguratsuenen laburpena:

Udal aurrekontua 2022: kreditu gehigarria

Astigarragako Udala ibai-parkearen egokitzapen lanak gauzatzeko bidean da eta horretarako 2022ko aurrekontuari 123.000€ gehitzea onartu zuen. Astigarragako Udalak LZB Arkitektura kooperatibari esleitu dizkio ibai-parkeko jolas- eta aisialdi-gunea egokitzeko proiektuaren idazketa lanak. Proiektua urte amaierarako izatea aurreikusten da eta lan hauek gauzatzeko udalak partidan zuen zenbatekoa gehitzea onartu zuen. Besteak beste, tirolina, ur-jolasak, kalistenia eta adinekoentzat ariketa fisikoko tresnak aurreikusi dira. Lan hauek 2023ko lehen hiruhilkoan esleitzea aurreikusten da.

Bestalde, Astigarragako Udala ibai-parkea zabaltzeko lurrak eskuratzeko jabeekin akordioak ixten dihardu. Dagoeneko 6 jabeetatik 4rekin adostasunak erdietsi ditu Udalak eta gehitutako dirua erosketa hauek ordaintzeko ere erabiliko da.

Bestetik, kreditu gehigarrian, Arrobitxuloko igogailuaren ondoko hiritartzea gauzatzeko zenbatekoak gehitu ziren (158.000€). Arrobitxuloko igogailuaren aurrealde guztia oinezkoentzat izateko eremua aurreikusten da eta dagoeneko Udala proiektua idazten ari da ahalik eta azkarren lanak esleitu eta gauzatu ahal izateko.

Gainera, Astigarragako Gazte Asanbladaren dirulaguntza 3.000 eurotan areagotzea onartu zen, herriko Luken Laburu Ollo gaztearen omenaldiko ekimenak antolatzen laguntzeko.

Azkenik, herriko hondakin bilketa sistema Zero Waste Europe-ren (Europa mailako Zero Zabor Ituna) auditoretza pasa eta dagokion ziurtagiria lortzeko beste 3.000€ gehitu zitzaizkion 2022ko aurrekontuari.

2023ko Udal Aurrekontua

Osoko Bilkurak 2023ko udal aurrekontuei hasierako onarpena eman zion EH Bilduren aldeko botoak eta EAJren kontrako botoekin.

2023ko udal aurrekontuak 11.073.605 euro izango ditu, iaz baino 634.428 euro gehiago, hau da, %6,96 gehiago. Aurrekontua bi faktorek baldintzatu dute batik bat. Batetik, elektrizitatearen eta gasaren prezioen igoerak eta bestetik, Donostia Ibilbideko hiritartzearen lanen finantziazioa.

Kontuan hartuta azken hilabeteetan egoera ekonomikoak okerrera egin duela eta etorkizuneko aurreikuspenak ez direla oso baikorrak, udalak esfortzua egin du herritar eta familia zaurgarrienen babes soziala areagotzeko. Lehen aldiz, gizarte zerbitzuetako politikek 1.000.000 euroko muga gaindituko dute (1.051.661€). Iaz baino 229.284 euro gehiago (%27,9ko igoera). Hauxe da hazkunde handiena izango duen saila. Bigarren igoera handiena Hezkuntza eta Euskara sailak izango du (%17ko igoera).

Ikusi 2023ko udal aurrekontuei buruzko informazioa osatua.

Abenduak 3: Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpen Instituzionala

Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen adierazpen instituzionala: Euskararen egoera osasuntsu izatetik urrun dago. Hortaz, abenduaren 3a euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna da, hau da, euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzeko eguna.

Astigarragako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:

  1. Astigarragako Udalak Euskaraldiarekin bat egiten du eta gogoz sustatuko du ekimena.
  2. Astigarragako Udalak erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du eta hamabost eguneko ariketa egingo du, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean.
  3. Astigarragako Udalak ariguneak babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartzen du; hizkuntza ohiturak finkatu eta egonkortzeko asmoarekin.
  4. Astigarragako Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.

Eta ondorengo deia egiten die herritarrei:

  • Astigartar guztiak gonbidatzen ditugu instituzio publikoekin (eta bereziki udalarekin) dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, euskaraz jardun dezaten.
  • Herritarrak gonbidatzen ditugu 2022ko Euskaraldian parte hartzera.
  • Herritarrak gonbidatzen ditugu 2022ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Astigarragan burutuko diren ekimenetan parte hartzera.
  • Astigarragako eragile eta herritar guztiei deia egiten diegu euren jarduna euskaraz burutu dezaten.

Ikusi Adierazpen Instituzionala osorik

Azaroaren 29ko Tokiko Gobernu Batzarrean zenbait kontratazio-espediente onartu ziren, ondorengoak dira:

  • LED luminariak hornitzeko eta instalatzeko: Argiteria publikoaren zati batean jardutea eta led edo antzeko luminariak hornitu eta instalatzeko kontratuaren bi loteak LEYCOLAN SAL enpresari esleitzea onartu zen, lehiaketan puntu gehien lortu dituen enpresa izan delako. Esleipen honi esker 65.200 eurotan Oialume Bidean, Kale Nagusian (Anuska eta Zapiain sagardotegiaren artean), Apeztegi Plazaren inguruan argiteria LEDera pasako da eta Arrobitxulo auzoan argi-maila indartuko da; eta bestetik, 51.700 eurotan Murgia parkeko argiteria indartuko da.
  • Hiru instalazio fotovoltaiko partekatu hornitu eta muntatzeko:
    • 1go Lotea: Kultur Etxe Zaharreko instalazioa: SUMINISTROS INDUSTRIALES ADARRA SA enpresari esleitu zaio, 28.893,57 euroren truke (bez kanpo).
    • 2. Lotea: Erribera kulturguneko instalazioa: LEYCOLAN SL enpresari esleitu zaio, 35.648 euroren truke (bez kanpo).
    • 3. Lotea: Kiroldegiko instalazioa: Kasu honetan ere SUMINISTROS ADARRA SL enpresari egin zaio esleipena.
  • Erribera kulturguneko sarbideak egokitzeko obrak: obraren bi loteak IPURU SL enpresari esleitzea onartu da, lehiaketan parte hartu duen enpresa bakarra izan delako.
    • 1go Lotea: hego eskailera eta egungo eskailera nagusia 176.946,93 euroren truke (bez gabe).
    • 2. Lotea: iparraldeko eskailera 79.111,08 eurotan (bez gabe). Lan hauei esker, besteak beste, Musika Eskolari irteera/sarrera independiente eta autonomoa bermatzea lortuko da.
  • Oialumeko ur-beltzaren saneamendu-sareko lanak: obra kontratua SASOI ERAIKUNTZAK SL enpresari esleitzea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak, lehiaketan puntuazio gehien lortu duen enpresa izan delako, 135.450,41 euroren truke (bez kanpo). Honi esker, Oialumeko ur-beltzak, Oialume errekara isuri beharrean, saneamendu-sarera bideratuko dira.

Zenbait dirulaguntza ere onartu zituen Tokiko Gobernu Batzordeak, hauek dira:

  • Izendunak:
    • Astigarragako Gazte Asanbladari Luken Labururen omenezko jardunaldia antolatu eta aurrera eramateko 3.000 euro.
    • AEK elkarteari udalerriko ostalaritzan eta merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa bideratzeko 6.987,75 euro.
  • Larrialdietan ekintza humanitarioak finantzatzeko:
    • AMAP-ASOC. MUNDIAL AY.PU elkarteari 5.949,00 euro: Errefuxiatuen osasunerako eskubidea indartzeko, Bangatuti Leve III Health Center Osasun Zentroan (Ugandan) eguzki-energiako ekipoa hornitzeko.
    •  GALDAKAOKO G.B.G.E. elkarteari 5.949,00 euro: Ukrainatik datozen errefuxiatuen laguntza eta lekualdaketarako.
    • ZAPOREAK elkarteari 5.949,00 euro: Errefuxiatuentzako elikadura duina eta osasungarria bermatzeko Tepe Kara berrian, Lesbosen.

Azkenik, Txakur arriskutsutzat sailkatutako txakur jabe bati 750 euroko isuna jartzea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak, aske eta muturrekorik gabe eramateagatik.