Albisteak

Atzealdea Udalak hondakinak edukiontzietatik kanpo ez uzteko sentsibilizazio neurriak jarri ditu martxan

Kartelak eta pegatinak jarriko dira hondakinak gaizki utzitako puntuetan

2025·03·18


Astigarragako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die erabat debekatuta dagoela hondakinak edukiontzietatik kanpo uztea, eta hondakin bakoitza bere edukiontzian uztea eta eremua garbi mantentzea guztion ardura dela.

Azken hilabeteetan jasotako kexen ondorioz, hainbat neurri hartu dira, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz kartelak jarriko dira poltsak lurrean utzi diren lekuetan. Era berean, pegatinak jarriko dira tokitik kanpo edo data desegokietan utzitako hondakinetan.

Neurri horiekin, Udalak kontzientzia eta ardura sortu nahi ditu herritarrengan, eta egoera hobetzen ez dela ikusiz gero, neurri zorrotzagoak hartzea aztertuko du.

Neurri horiekin batera, hondakinekin maiz ikusten diren arazo batzuk saihesteko jarraibide batzuk nabarmendu behar dira:

Alde batetik, txartel batek edukiontzietan funtzionatzen ez badu, hurrengo gunerik hurbilenera joateko eskatzen da, hondakin-poltsa behar bezala uzteko eta horrekin batera, hondakin-bulegoari jakinaraztea, arazoa lehenbailehen konpondu ahal izateko.

Bestalde, gogoratu altzariak astelehen gauetan bakarrik utz daitezkeela edukiontzien ondoan, aurretik 900 102 838 telefonora deituta eta emandako jarraibideak betez. Izan ere, egunez kanpo utzitako etxe-tresna handiak pilatu daitezke kalean.

Oraindik edukiontzien txartela ez baduzu, Udaletxeko Hondakin Bulegoan jaso dezakezu, aurretik 900 102 838 telefonora deituta.