Albisteak
Atzealdea Udalak hiru desfibriladore berri jarri ditu herrian
2021·09·24
Hiru desfibriladore berri horiek kiroldegiko eta Zarkumendegiko futbol-zelaiko desfibriladoreei gehituko zaizkie. Bat-bateko bihotz-geldialdi baten aurrean tresna horiekin berehala laguntzeak bizitzak salba ditzake; hori dela eta, Udalak herrian ere kokatzea erabaki du.
Aparatuak leku ikusgarri eta irisgarrietan jarri dira, udalerriko hiru gune ezberdinetan: Erribera Kulturgunean (Kontxa Etxeberria plaza, 1), Txomiñene pilotalekuan (Foru plaza, 12) eta Kale Nagusia 21ean (Farmazia Aguadoren kanpoaldean).
Desfibriladoreen ekipoak bi partxe mota ditu; batzuk helduentzako, eta besteak haurrentzako.
Ikastaroa
Ekainean, desfibriladorea erabiltzen ikasteko prestakuntza-ikastaro bat eskaini zitzaien udalerriko hainbat pertsonari: Udaltzaingoko zenbait kideri, herri eskolako zenbait irakasleri, Sagardoetxeko langileei, Galtzaur elkarteko zenbait kideri eta kiroldegiko langileei.
Udalak ikastaro hau herritarrei zabaldu nahi die eta, beraz, azaroan beste formazio ikastaro bat eskainiko du interesa dutenetzat. Ikastaroa borondatezkoa eta doakoa izango da, eta parte hartzeko izena eman behar da: obraketazerbitzuak@astigarraga.eus helbidera idatziz edo 943 33 50 68 telefonora deituz.
Desfibriladoreen mantenua
Udalaren ardura izango da desfibriladoreen mantenua, baina herritarrei ekipoak errespetatzeko eta larrialdiak sortzen direnean bakarrik erabiltzeko eskatzen die Udalak.