Albisteak

Atzealdea Udalak herriko “artista txikiek” itxialdian egindako artelanekin erakusketa bat antolatuko du

Udalak, Herri Eskolarekin lankidetzan, proposamen bat zabaldu die herriko haur guztiei: Itxialdi garaian egindako artelanak aurkeztu, ondoren, Erribera Kultur Etxea inauguratzen denean, erakusketa batean jartzeko.

2020·05·18


Aste asko pasa dituzte haurrek etxetik atera gabe, eta oraindik ere ordu asko eman behar izaten dituzte etxean.

Asko dira aste hauetan sormena eta imaginazioa artelanen bidez garatu dutenak; egunotan horren adibide diren zenbait marrazki eta eskulan ikusi ditugu etxeetan, leihoetan eta balkoietan.

Udalak eta Herri Eskolak lan horiek guztiak batu eta ikusgai jartzea ekimen polita izan daitekeela uste dute, eta horretarako une aproposa Erribera Kultur Etxearen inaugurazioa dela.

Noiz aurkeztu behar dira artelanak?

Udalak maiatzaren 21ean egingo du lehen bilketa bi ordutegitan:

  • 12:00-13:30
  • 16:00-17:30

Datozen hilabeteetan beste bilketa bat egingo da.

Nora eraman behar dira artelanak?

Erribera Kultur Etxeko (Kontxa Etxeberria plaza) sarrera nagusira.

Anima zaitezte, etxeko txikiak izan daitezela Erribera Kultur Etxeko lehen artistak!