Albisteak
Atzealdea Udalak gerra zibileko eta frankismoaren diktadurapean egindako genozidio edo gizateriaren aurkako delituengatik kereilak jarri ditu
2023·11·09
Hamaika astigartarrek pairatu zituzten Espainiako gerra zibilaren eta frankismoaren diktadurapeko ondorio latzak. Desagertze, erailketa, mutilazio eta beste era askotako genozidio edo gizateriaren aurkako delituak jasan behar izan zituzten.
Bidegabekeria horiek guztiak salatzeko helburuarekin 2021eko apirilaren 27ko udal osoko bilkurak, aho batez, Frankismoaren biktimei buruzko mozioa onartu zuen. Mozio horretan Udalak bi konpromiso hartu zituen. Batetik, Biktimen Bulego bat antolatzea, Astigarragan frankismoaren aurkako kereilak edo salaketak jasotzea eta biktimei edo horien senide guztiei laguntza juridikoa ematea. Hau honela, 2022ko otsailean eta martxoan bulego hori astigartarrentzat irekita egon zen eta 5 biktimen inguruko testigantzak jaso ziren, euren senitartekoek helarazitakoak.
Bestetik, bi kereila kriminal jartzea, Astigarragan diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker daitezen, zein baldintzatan egin ziren zehaztuz, erantzule zuzenak eta zeharkakoak nortzuk izan ziren argituz, eta, kasuan kasu, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuz. Kereila kriminal horiek honako bi epaitegietan jartzea aurreikusi zen: bata, Argentinako hiriburu den Buenos Airesko Epaitegi Nazionaleko 1. aretoan, 4591/10 auziaren barnean eta bestea, Donostiako epaitegian.
Udalak hartutako bi konpromisoak gauzatu ditu dagoeneko; izan ere, irailaren 15ean aurkeztu zuen kereila Donostiako epaitegian eta gaur, azaroaren 9an, Argentinakoan. Kereila horietan honako biktimen aurkako krimenak salatu nahi izan dira:
- Segundo Mendiguren (1936an desagertua)
- Leandro Lujambio Lasa (1936an desagertua)
- Sabino Barandiaran Arretxe (1936ko bataila batean eskuineko hankan konpondu ezineko lesioa pairatu eta begia galdu zuen).
- Rafael Boulandier Garai (1939an Donostian fusilatua)
- Joseba Barandiaran Urkola (polizia armatuak 1978an eraila)
- Tomas Alba Irazusta (1979an GAEk eraila)
Udalak eskerrak eman nahi dizkie kereilak jartzeko bide honetan bidelagun izan dituenei. Aipamen berezia merezi dute biktimen familiakoek eta Josu Ibargutxik, frankismoaren krimenen aurkako auzirako euskal plataformaren bozeramaileak, eskainitako laguntza eta prestasunagatik.
Azaroaren 10ean, biktimei aitortza: oroimen ekitaldia eta dokumentalaren emanaldia
Urtero legez, azaroaren 10ean, memoria historikoaren nazioarteko egunean, herriko biktimei aitortza egiteko ekitaldia izango da, arratsaldeko 17:30ean, Emakumeon Plazan. Bertan, gerra zibilean eta frankismoaren diktadurapean izandako biktimei aitortza egingo zaie. Bereziki, aldez aurretik aipatutako 6 biktimak gogora ekarriko ditugu, honako bi biktimekin batera: Bixente Perurena Telletxea (GALek 1984an eraila), Agustin Irazustabarrena Urruzola (1985ean GALek eraila). Bi biktima horiek ez dira kereilan sartu, 80. hamarkadan erailak izan zirelako.
Ekitaldiaren ondoren, biktimen monolitoetan lore-eskaintza egingo da. Amaieran, Perurena auzoan merienda eskainiko da.
Eguna amaitzeko, 19:30ean, Erriberan, “Orri Zuriak Betetzen” dokumentala eskainiko da, gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako biktima izan ziren astigartarrei buruzkoa. Eneritz Aulestiak eta Unai Alberdik zuzendutako eta Udalak ekoitzitako dokumental hau apirilaren 21ean estreinatu zen. Dokumentala euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera doan da eta gonbidapena udal webgunearen bidez edo Erriberan jaso behar da.