Albisteak
2023·05·19
Ibai-parkea izan da herritarrek 2020ko eta 2021eko aurrekontu parte-hartzaileetan gehien bozkatu duten aukera. 2020an, ibai-parkea egokitzeko proposamenak irabazi zuen (210.000 euro), eta 2021ean, ibai-parkea handitzeko proposamenak (110.000 euro). Lan hauek guztiak martxan daude.
Alde batetik, Udala ibai-parkea handitzeko urratsak egiten ari da. Handitze-proiektua 615.432,77 eurokoa da guztira, eta horren barruan sartzen dira lurrak erostea, errekastoaren ibilgua desbideratzea eta oinezkoen bideak. Gainera, anfibioen urmael bat sortuko da. Udalak dagoeneko eskuratu ditu lursail gehienak handitze lanak egiteko, eta horiek guztiak erosita jarriko da martxan lehiaketa. Proiektuak jada eraikita dagoen ibai-parkearen obra berberak errepikatzea aurreikusten du, ibaiaren ondoan behe-plataforma bat sortuz eta gorago bide batzuk eraikiz, bankuak eta paperontziak ere jarriz. Hori lortzeko, esan bezala, errekastoa desbideratu behar da. URA ur agentziak ere oniritzia eman dio proiektuari eta Udalak 184.629,83 euroko dirulaguntza jasoko du, horretarako hitzarmena sinatu berri dute. Horrela, behin lan guztiak amaituta, ibai-parkearen ibilbidea Bidebitarte poligonoaren amaieraraino luzatzea lortuko da.
Bestetik, txakurrentzako gune bat prestatuko da, aske egon ahal izateko. Hormigoizko plataforma bat egingo da iturri batekin, paperontzi batekin eta bankuekin, eta inguruko belardia inguratuko da. Lan horiek Construcciones Laugas, S.A. enpresak egingo ditu eta 24.532,15 euroko aurrekontua izango dute (BEZa barne). Lanak ekainean hasiko dira eta bi asteko iraupena izango dute.
Azkenik, aisialdirako eta jolaserako guneak ere jarriko dira (jolas-parkea, kalistenia, adinekoentzako makinak, ur-eremua...), 270.472,89 euroko aurrekontuarekin, eta 16 asteko epean gauzatuko dira. Lan horiek esleipen-prozesuan daude, ibai-parkeko argiteria hobetzea bezalaxe, eta, horretarako, farolak jarriko dira maila ertainean dauden bideetan. Honek 68.283,38 euroko aurrekontua du.
Horrekin guztiarekin, ibai-parkea erabilera anitzeko gune bihurtuko da, adin guztietako pertsonentzat, eta, gainera, herriaren bi muturrak lotuko dituen ingurune naturala izango da.