Albisteak
Atzealdea Udalak eta tokiko eragileek bat egin dute haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko
2025·04·11
Udalak urteak daramatza haur eta nerabeen ongizatearekin konprometituta, Astigarraga ingurune segurua izan dadin haur eta nerabeak hazi eta hezteko, eta horrekin bat egin dute herriko hezkuntza, aisia eta kirol arloetako eragileek ere. Azken batean, guztion helburua prebentzio komunitarioa egitea eta haurrak eta nerabeak seguru, entzunak eta babestuak egotea da.
Azken hilabeteotan, Udalak eta eragileek Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legean oinarrituta egin dute lan bereziki. Udalak protokoloak egiteko laguntza eta prestakuntza eman die herriko eragileei, eta hortik abiatuta, elkarteetako ongizate-arduradunek osatutako sarea sortu da. Otsailean, sare horren lehen bilera egin zuten, haur eta nerabeekin lan egitean sortzen diren kezkak, zalantzak, prozedurak... partekatu eta modu eraginkorragoan landu ahal izateko.
Horrekin batera, une honetan, Udala jokabide-kode bat lantzen ari da. Ondoren, herriko eragileei ere zabalduko zaiena. Udalerrian adingabeekin harreman zuzena duten elkarte eta enpresa guztiek bete eta sinatu beharko dute jokabide-kode hori. Arlo honetan prebentzio komunitarioa ezinbestekoa da, eta Udalak beharrezkoa ikusten du baliabideak eta prestakuntzak etengabe eskaintzea.
Haur eta nerabeen arloan dagoen eskaintza
Udalak hainbat programa, ekimen eta zerbitzu ditu haur eta nerabeen ongizatea sustatzeko helburua dutenak. Horien artean, gaika banatuta, besteak beste, honako hauek aurki ditzakegu:
Gizarte Zerbitzuak
- Haurren eta nerabeen garapenerako dirulaguntzak
- Gizarte arloan eta arlo psikosozialean esku-hartzeko zerbitzua (psikologoa eta hezitzaileak)
Hezkuntza
Hezkuntzaren arloan Udala Oinherriko, herri hezitzaileen sarea, bazkide dela aipatzea. Horretaz gain, badira hezkuntzaren arloan eskaintzen diren hainbat baliabide:
- Errefortzu akademikorako dirulaguntzak
- Eskola materiala erosteko dirulaguntzak
- Herri Eskolan eta Arantzazuko Aman eskuhartzeak (harreman osasuntsuak, ingurune digitala, harreman sexu-afektiboak)
- Gurasoak trebatzeko hitzaldiak
Gazteria
- Gaztelekuan egiten diren lanketa eta esku-hartzeak.
Eskaintza anitza izatearekin batera, Udalarentzat garrantzitsua da herri mailan egiten diren prozesuetan haurrak eta nerabeak aintzat hartzea, hori dela eta, Udalak orain abiatuko duen zaintzaren inguruko herri-hausnarketa prozesuan haur eta nerabeen zaintza ere integratuko da.
Geriza-Haur eta Nerabeen ongizatearen herria-
Aipatu dugun bezala, gaur egun badira herrian haur eta nerabeak erdigunean jartzen dituzten hainbat zerbitzu, programa, ekimen eta lanketa. Baliabide horiek guztiak bateratzeko eta saretzeko eta begirada integral bat eskaintzeko Udalak marka berri bat sortu du, “Geriza- haur eta nerabeen ongizatearen herria”.
Marka honek zuhaitz baten magalean sentitzen dugun leku segurua, babesa, eta itzala irudikatzen du. Herri oso baten geriza eskaintzen duena kimu berri eta hosto gazteentzat, ingurune segurua eta zaindua. Haur eta nerabeen bidelagun izan nahi dugu modu erosoan gizarteratu eta hazi daitezen, alai eta lasai. Horrela, Gerizaren babespean kokatuko dira Astigarragako haur eta nerabeen ongizatearekin lotuta eskaintzen diren zerbitzu, ekimen, proiektu eta programa guztiak.